Jon Erguin eta Maria Gomez izan dira lehenak Igartzako Mendi Duatloian
Bikoteen kasuan Mikel Zabalegi eta Asier Aseginolaza izan dira helmugara lehenengo iritsi direnak
Gaur jokatu da Beasainen 2020ko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren lehen proba. Martxoaren erditik horrelako kirol proba herrikoirik antolatu ez den arren, covid-19aren aurkako neurri zorrotzak hartuz, lehiaketak antolatu daitezkeela erakutsi nahi izan dute antolatzaileek. Partaideei dagokienez, banakakoan 72 korrikalarik hartu dute parte eta horietatik 4 neskak izan dira. Errelebotan, berriz, 24 bikote atera dira.
Goierritarrak nagusitu dira aurtengoan. Jon Erguin beasaindarrak etxean irabazi du, bigarren postuan Josu Urrestarazu idiazabaldarra geratu da, eta hirugarren Javier Perez iritsi da. Helmugara heldu den lehenengo neska Maria Gomez elorriarra izan da, lasterketan 37. postuan geratu dena.
Binakako proban lehenak Mikel Zabalegi ordiziarra eta Asier Aseginolaza izan dira. Hauen atzetik heldu dira Jon Urteaga eta Aitor Perez, eta hirugarren postuan Ander Biguri eta Ivan Sanjuan geratu dira, goierritarrak hauek ere.
Igarloi Elkarteak eta Beasaingo Udalak antolatutako duatloi hau herrikoia izan den arren, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren lehen proba puntuagarria izan da gaurkoa. Zirkuitoa hiru zatitan banatu dute, 4,2 km korrika, 13,7 km bizikletaz eta 3 km korrika. Aurten lehen sektorea motzagoa izan da aurreko edizioekin alderatuta.
Aipatu bezala Covid-19ari aurre egiteko protokoloa oso zorrotza izan da, parte-hartzaileek lasterketa musukorik gabe egiteko aukera izan duten arren, alboan eraman beharra izan dute uneoro, galdu ezkero deskalifikatua izateko arriskua baitzegoen. Banaka irten direnak 5 pertsonako lerroetan kokatu dira dortsal zenbakiaren arabera lasterketa hasieran, pilaketak saihesteko asmoz. Horrez gain, ez dute proba amaierako festarik egin.