Amak taldeak zabalduko du Ordiziako musika ziklo berria
Datorren ostegunean, hilak 17, hasiko da Ordiziako musika ziklo berria, guztira lau emanaldiz osatua
Irailaren 17an hasiko da Ordizian Euskal Herriko musikariak bilduko dituen musika ziklo berria. Hilabetean behin ostegunetan 20:30etan publiko guztiarentzako kontzertu bat eskainiko dute Herri Antzokian, eta guztira lau emanaldi izango dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Lau kontzertuetara joan nahi duten ikusleentzat abonu bat jarri da salgai, 28 euroan, eta sarrera solteak 10 euroan izango dira. Abonuak Barrena Kultur Etxean eta Herri Antzokian eros daitezke, eta sarrera solteak Herri Antzokian edo Kutxabank-en.
Amak taldea izango da zikloa irekiko duena datorren ostegunean, Euskal Herriko folk musikaren ertzak betiko moldeetatik ateraz. “Amak amak dira eta lau. Lau trikiti edo lau pandero eta lau ahots”. Saio honetan Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa ta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solanok (M-n Ezten) proposamen interesgarria taularatuko dute.
Hauek dira datozen emanaldiak eta datak:
- Urriak 8: Amorante
- Azaroak 19: Maria Berasarte
- Abenduak 10: Iñaki Salvador eta Loyola Garmendia