Arana kaleko bizilagunek batzarra dute gaur
Auzotarren arteko harremanak estutu nahi dituzte auzoa biziberritu eta herrian integratzeko. Batzarra udaletxeko areto nagusian izango da, 18:00etan
Jose Martin Arana kaleko bizilagunen arteko harremanak sendotzeko batzarra egingo dute gaur, 18:00etan, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan. Edonor agertu daiteke, auzokoa izan ez arren. Bizilagunen artean Arana kalea berpiztea da asmoa.
Bizilagunen talde eragilea elkartzen hasi zenetik badira bi urte. Halere, taldea auzoan zabaldu nahi dute eta horregatik antolatu dute bilera irekia. Gutxi gorabehera, auzoan 100 etxebizitza daude eta 500 pertsona inguru bizi dira. Eraikinak, ordea, zaharrak dira, ehun urtetik gorakoak. Ongi egindako etxebizitzak izan arren, garaiko teknologiekin eginak dira: komunak, esaterako, gerora jarri behar izan zituzten eta askok, oraindik, ez dute igogailurik. Errentak merkeak dira eta bizilagunen joan etorria handia da, eta zaila egiten zaie egoera honetan auzotarren arteko sareak osatzea.
Iraganeko droga trafikoak ere ez dio mesede egiten auzoari. Auzotarrek zin dagite arazoa konponduta dagoela, baina izen txarrak hor dirau. Ghetto bihurtzeko arriskua ikusten dute, eta horren aurrea, ekintzen bidez herrira zabaltzeko nahia dute. Ideia guztiak eskertuak izango dira.