Eskola kirola urrian hasiko da kontaktu fisikoak mugatuz Gipuzkoako zonaldean
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak entrenamenduak urriaren 1etik aurrera hastea erabaki du, kontaktu fisikoa mugatuz eta ingurune seguruetan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak eskola kirolean inplikatutako 350 eragilerekin izandako bileren ondoren, erabaki du eskola kiroleko entrenamenduak urriaren 1etik aurrera hastea. Bilera hauetan parte hartu dute kirol erakundeek, ikastetxeetako koordinatzaileek eta ikasleen gurasoek.
Haurren osasun eta ongizate psikologikoa mantentzeko jarduera fisikoa eta kirola egitea funtsezkoa dela ikusita hartu dute erabaki hau, beti ere entrenamenduak kontaktu fisikoa mugatuz eta ingurune seguruetan eginez. Azpimarratu dute gainera, eskola kirola geldiarazteak aukera gabe utziko zituzkeela aukera ekonomiko gutxiago dituzten ikasleak, kasu askotan hau izaten baita eskolaz kanpoko jarduera bat egiteko izaten duten aukera bakarra.
Foru entitateak 50.000 euro emango ditu materialak erosteko, ikastetxeak ezarritako osasun protokoloetara egokitu daitezen. 2020-2021 denboraldiko eskola kiroleko programetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da antolatutako jarduerak eta lehiaketak kontaktu fisikorik gabe eta pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia mantenduz egitea, eta behar izanez gero, arau hori betetzeko joko arauak egokituko dituzte. Entrenamenduak neurri hauekin izango dira:
- Talde txikiekin.
- Entrenamenduetan parte hartzaileek gehienez hamabost pertsonako taldeak edo azpitaldeak antolatu beharko dituzte, jarduera garatzeko behar diren teknikariak barne.
- Saioak edo entrenamenduak banakakoak izango dira, eta segurtasun distantzia mantendu beharko da.
- Ahal den neurrian, materialen erabilera partekatua saihestu behar da, eta ezinezkoa den kasutan materialei gomendatutako higiene eta garbiketa neurriak aplikatuko zaizkie.
Eskola kirolean parte hartzen duten begiraleek Kirolaren Euskal Eskolak abian jarritako prestakuntza ikastaroa egin beharko dute. Irailaren 30a baino lehen eman beharko da izena ikastaro horietan, baina aurrerago ere ikastaroaren eskaintza mantentzea aurreikusi da. Begiraleak eta entrenatzaileen ardura izango da kirolariei ezarritako prebentzio eta higiene neurriak azaltzea, eta baita jarduerari aplikatzen zaizkion arauak eta/edo balizko murrizketak.