Grebak erantzun "zabala" izan du sindikatuen eta Jaurlaritzaren arabera
Grebak %70eko jarraipena izan du sindukatuen arabera; Jaurlaritzak %45 izan dela dio. Goierrin ez da izan mobilizazio handirik, Donostian elkartu baitira
Hezkuntza komunitateak grebara jo du eta jarraipen “zabala” izan du. Hala aitortu dute sindikatuek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) eta Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta ez datozen bat parte hartzeari buruzko datuekin. Antolatzaileen arabera %70ekoa izan da erantzuna; Jaurlaritzaren arabera, ordea, %45ekoa. Goierrin ere eskola gehienetan egin dute greba.
Euskal Autonomi Erkidegoko hezkuntzan ordezkaritza duten sindikatuek eskaera “argiak” egin dizkiote Jaurlaritzari: “langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babeserako Ekipamenduak ikastetxeetan lehenbailehen egotea, bereziki, gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; geletan pertsonako hiru metro koadro eta 1,5 metroko distantzia egotea; gehienez hamar eta hamabost ikasle egotea, eta 0-3 urte bitartekoen kasuan are talde txikiagoak; bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea; sorturiko arrakala sozioekonomikoa, pedagogikoa, teknologikoa eta euskararekikoa murrizteko neurriak eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; curriculumaren egokitzapena eta murriztea ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz; egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurrian ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordaindua ematea”.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak erantzun die hezkuntza alorreko profesionalek duten kezkarekin bat egiten dutela eta “hezkuntza eskubidea, eta ahal den heinean aurrez aurrekoa, bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak” hartuko dituztela. “Urgentziaz” lan egiteko esan diete sindikatuek, ezean, mobilizazioekin jarraitu “beste biderik” izango ez dutela ohartaraziz.
Mobilizazioak Donostian
Goierrin ez da mobilizazio handirik izan. Kasu, Ordiziako Oianguren institutuan irakasleek elkarretaratzeak egin dituzte atsedenaldietan. Mobilizazioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen zeuden antolatuta.
Gipuzkoako hiriburuan 4.000 lagun inguru elkartu dira sindikatuen arabera. Manifestazioa Alderdi Ederretik abiatu dute, eta Bulebarrean amaitu. Donostiako erdialdea ordubete inguruz erabat blokeatu dute. Hezkuntza komunitateko askotariko kideek hartu dute parte protestan. Irakasleak ez ezik, manifestazioan izan dira garbitzaileak, jantokietako langileak eta gurasoak ere, umeak aldean zituztela. Segurtasun distantzia zainduta egin dute manifestazioa.