Irailaren 27an jokatuko da Josetxo Imaz lasterketa, Beasainen hasi eta bukatuta
Helduen proba bakarrik jokatuko da. 300 dortsal daude. Izena eman daiteke dagoeneko. 50 atletako taldetan eta 2 minutunaka mailakatuak.
Txindoki Jaso Autowag atletismo taldeak Beasaingo Udalaren laguntzarekin antolatuko du XX. Josetxo Imaz oroimenezko lasterketa. Irailaren 27an, 10:30ean, Beasaingo Nafarroa etorbidetik abiatuko da lasterketa. COVID-19 pandemiaren prebentzio arrazoiengatik, helduen lasterketa herrikoia bakarrik antolatzea erabaki du.
Beasainen Nafarroako etorbidean aterako da 10 kilometroko lasterketa eta Lazkaotik eta Ordiziatik pasatuz, eta Beasainen amaituko da. Hori bai, ez da irteera bakar bateraturik egingo. “50 atletako taldetan eta 2 minutunaka mailakatuak. Lehena 10:30ean, bigarrena 10:32ean, 10:34ean eta abar. Zortzi metroko zabaleko irteeran 5 atleta egongo dira, bakoitzak 1,5 metroko tartea duela, eta atzetik 1,5 metroko tartea utzita, beste 5 atleta, eta horrela hurrenez hurren, 10 ilara osatu arte. Hamabost metro luze osatuko du irteerako tropel bakoitzak, lurrean markatuta eta ikusteko moduan atleta bakoitzari dagokion tokia ezarriz”.
Bi alfonbra izango dira: irteerakoa eta helmugakoa, eta bi alfonbren artean ezarritako denbora izango da sailkapen orokorra ezartzeko erabiliko dena. Beraz, ez du zertan irabazle izan helmugara lehenengo iristen denak; izan ere, ondorengo irteeretan egon daiteke parte-hartzaileren bat denbora hori hobe dezakeena. Sailkapena klubeko sare sozialetan eta webgunean eta www.kronoak.com webean argitaratuko da azken parte-hartzailea iriste denean.
Gaur ireki da izena emateko epea, rockthesport webgunean. Inskripzioan parte-hartzaileak laukitxo bat beteko du proba osatzeko gutxi gorabeherako denborarekin, horren arabera irteera antolatzeko. Inskripzioa irailaren 24aren ondoren egiten bada, irteerako azkeneko taldeetan sartuko dira eta dortsalik altuenak emango zaizkie. Erabili eta botatzeko txip dortsalaren bidez hartuko dira denborak. Inskripzioaren prezioa 12 eurokoa da (lasterketa bertan behera geldituko balitz, 10 euro bueltatuko dira, antolaketa gastuak kendu eta gero (2€).
Maskara nahitaezkoa izango da beti, irteera hartu arte. Dortsal-bilketan eta beroketan (segurtasuneko 1.5 m distantzia une oro gordez) eta aurretik irteera-kaxetan jarri arte. Behin irteera-kaxetan bakoitza bere lekuan jartzen denean kendu ahal izango dute maskara eta horretarako jarritako edukiontzietan bota, eta inoiz ez lehenago.
Dortsalak larunbatean 17:00etatik 19:00etara (Gernika pasealekuko pilotalekuan) edo igandean 08:30etik 10:00etaera (irteerako karpetan) jasoko dira.
Ez da aldagelarik ez dutxarik izango, eta atletei gomendatzen zaie arropa berarekin etorri eta alde egitea berehala, helmuga eta inguruak ahal bezain laster garbi uzteko.