Jarrera ona bai, kexu ere bai
COVID-19aren aurretik metodologia antzekotsuak zituzten Olaberriako eta Itsasondoko herri eskoletan, talde kohesioa zutelarik ardatz, besteak beste.
Ikasturte berri bati hasiera ematea beti da berezia. Udako oporraldiak iraun ohi dituen ia hiru hilabeteren ondoren, eskolara bueltatzea, sentipen desberdinen nahasketarekin egin ohi dute, bai irakasleek eta baita ikasleek ere. Aurtengoa, gainera, ikasturte hasiera berezietan bereziena izaten ari da. Normaltasun berrira egokituz, aurrez aurreko klaseetara bueltatzeko ahalegin guztiak egin dituzte Goierriko ikastetxeek. Jarrera txalogarriarekin ari dira gainera. Baina jarrera ona izateak ez du esan nahi kexu ez direnik, egoera horren aurrean bakarrik ere sentitu baitira. Itsasondoko Urkipe Herri Eskolakoek eta Olaberriako eskolakoek, ikasturte berria nola hasi duten kontatu dute.
Olaberrian dago Goierriko eskola txikienetako bat. 36 ikasle eta 6 irakasle dituzte. Irakasle taldea eta zuzendaritza bat datoz «aurrez aurreko klaseekin hasteko desiatzen» zeudela esaterakoan. Hori posible izateko baldintza oso zorrotzak bete behar badituzte ere, «ilusio handiz» daude «denak batera egoteagatik».
Dagoeneko, sei hilabete igaro dira COVID-19aren eraginez alarma egoera indarrean sartu zenetik. Ia batera etorri zen eskolak ixteko agindua, eta egun batetik bestera, Internet bidezko plataformen bidez eskolak ematen hastea. «Oso luzea egin zaigu ikasleak etxera joan zirenetik».
Klaseak Internet bidez jarraitu dituzte: «Sistema hori erabili ahal izan denekin oso ongi komunikatu gara, baina txikienekin oso zaila izan da». Dena den, haiekin komunikazioa mantentzeko ahalegin guztiak egin dituzte: «Gelako harremanak zaintzen ahalegindu gara, baina oso zaila izan da batzuekin».
Azkeneko urteetan norabide jakin batekin jardun dute bai Olaberriko, bai Itsasondoko eskoletan: «Talde kohesioa landu dugu, kooperazioa, adin desberdinetako ikasleak denak elkarrekin ibiltzen ginen, asanbladak egiten genituen,…, oso aberasgarria zen!».
Oraingo egoeran, COVID-19aren aurkako kontigentziarako protokoloa bete behar izatearekin, «eskolaren orain arteko dinamika moztu» dela nabarmendu dute. Olaberrian, «hiru gela egonkorrekin hasi dugu ikasturtea, horrela COVID-19 kasuren bat ematen bada, ikaslearen taldea isolatu eta gainontzekoek eskolara etortzen jarraitu ahal izan dezaten». Izan ere, «lehentasuna da, eskola irekita egotea». Horrez gain, «tenperatura hartzen zaie ikasleei, gelak erabiltzen dira, segurtasun distantziak zaintzen saiatzen gara,…».
Ohiko lan egiteko moduari eragin diote neurriok, eta «faltan sumatzen» dute lehen zuten harremantzeko modua, horregatik, saiatzen ari dira «oreka bilatzen, arlo pedagogikoren eta segurtasun neurrien artean», eta hortxe dute, hain zuzen ere «erronka handiena».
Olaberria, herri txikia eta lasaia denez, eta espazio pribilegiatua duenez, «kanpo espazioak» aprobetxatzen ari dira, eta «Baso Eskolako proiektu batean sartzea ere planteatzen» ari dira. Etorkizun hurbilerako proiektu «politak» dituzte esku artean. Baratza ere badute, eta «zientzia eta esperimentazioa bertan» egiten dute. «Printzipioz horri eustea da helburua». Guraso elkartearen eta udalaren laguntzarekin, «eskola kanpoan mahaiak jarriko» dituztela kontatu dute.
Eskola txikia da bai, baina lan eskerga egiten ari dira, ahalegina, handia, eta jarrera, esan bezala, txalogarria. Baina kexu dira: «Hezkuntza Sailak gure gain utzi ditu segurtasun neurri guztiak eta guretzako lan karga izugarria da; gainera bidaltzen dizkigun jarraibideak berandu iristen dira eta egoera honi aurre egiteko baliabideak faltan botatzen ditugu». Horregatik, «babes gehiago» eskatu eta atzoko grebarekin bat egin zuten.
Mundu txikiak sortu
Itsasondoko Urkipe eskolan Olaberriko metodologiaren antzekoa erabiltzen zuten. Irune Aldatz zuzendariak kontatu duenez, «naturala ez dena egitera» behartuta daude orain: «Ikasleak taldeka aislatu eta funtzionamendu guztia aldatu zaigu, lehen talde handiekin lan egiten baikenuen eta orain, mundu txikiak sortu behar izan ditugu».
Ikasturtea hasi aurretik nola jardungo zuten prest zuten guztia: «Bi eraikuntza ditugunez, batean maskara erabiltzera derrigortuta zeuden ikasleak, hau da 8 urtetik gorakoak, eta bestean, maskara erabiltzera derrigortuta ez zeudenak». Baina Hezkuntza Sailak azken orduko aldaketak egin zituen protokoloan, eta sei urtetik gorakoek maskara erabili beharko zutela zehaztu zuen, «beraz, antolaketa hankaz gora geratu» zen.
Protokolo berrira egokitu behar izan zuten, horrek suposatu zuenarekin, baina lortu dute, adibidez, adin aniztasunari eustea: «Bigarren mailatik gorakoak hiru taldetan daude, nahiz eta lehengoaren aldean, ezin diren espazioetan mugitu, irakasleak mugitzen dira».
Nabarmendu dute ez dela erraza izaten ari, nahiz eta ikasleei ez dieten «dramatismo» zantzurik eman nahi. Baina, bai, «urduri» dago Urkipe eskola zuzendaria: «10 irakasle gaude, 65 ikaslerentzat, eta guztia ondo badoa, moldatzen gara, baina bi irakaslek sukarra ematen badute, oso murriztuta gaude».
Bestalde, jangela zerbitzua martxan da eta inkoherentziak ikusten ditu Aldatzek. «Eskolak aurrez aurre hasteko protokoloekin mareatu gaituzte, eta jangelan ez dute segurtasuna bermatzen, eta gainera esan digute ez dugula giza baliabide gehiagorik izango».
Aldaketa askorekin, eta inkoherentziekin bada ere, nabarmendu du, «ikasleek pozez» hartu dutela eskolara buelta, eta «errepikatzen dute ez dutela berriz konfinatu nahi, oso gogorra izan dela».