Birusak ez azpiratzeko, musika eta bertsoa azalera Lazkaon
Bertso Band saio berezia eta estreinakoa antolatu du Gerriko kultura elkarteak irailaren 25erako, ostirala, Arerian. Lazkaoko Musika Banda eta lau bertsolari ariko dira: Zubeldia, Urdangarin, Lujanbio eta Oihana Iguaran.
Lazkaon aitzakia ugari dago irailean bertsolaritzarako. Lazkao Txiki jaio zen eguna (15a), San Migel jaiak, bukatutako oporren gomutan kantatzeko beharra, eta kanpo-giro bikaina. Plazan ez da askorik nabaritzen, ordea, eta Gerriko kultur elkarteak konpondu egin nahi du hutsunea. Bertso Band saio berezia asmatu dute, Lazkaoko Musika Bandarekin eta lau bertsolarirekin, irailaren 25erako. Areria antzokian, 20:30ean izango da.
«Gerrikon aspaldian ari ginen irailerako bertso saio, antzerki edo bertsolaritzarekin lotutako zerbait antolatu nahian. Aurten, apirilean bertan behera geratu ziren Lazkao Txikiren inguruko saioak, bai Zelaiko omenaldia, bai Lazkaomendiko bertso-afaria. Konpromisoak hartuta zeuden bertsolariekin, eta orain zen esperimentua egiteko garaia», azaldu du Joxepa Madariagak.
Apirilerako izendatuta zeuden Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin goierritarrak, eta Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan. Gai jartzen eta aurkezle, Aizpea Garmendia lazkaotarra.
Musikarien eta bertsolarien saio konbinatua izango da. Hasieran eta bukaeran batera jardungo dira, eta tartean lau bertsolariekin saio arrunta egingo dute, gaiak emanda.
Doinua jo eta kantatu
Lau bertso-doinu aukeratu dituzte, eta Musika Bandakoak horiek entseatzen ari dira, kurtso hasiera honetan. Saioaren hasieran, birekin ekingo diote. Musikariek jo ahala, bertsolariak sartuko dira tartean. Bukaeran, beste horrenbeste, bi doinurekin.
«Esperimentu bat da guretzat, baina pare bat herritan egin izan dira halako saioak lehenago, eta irudipen ona daukagu; gogoa ere bai. Oso animatuta daude bai bandakoak eta bai bertsolariak, kultura saioak kendu eta eszena erdi hilda dagoen garai honetan, apustua egin dugulako oso pozik eta eskertuta ere bai».
Sarrera doan izango da. Hasieran plazan izateko asmoa bazuten ere, antzoki barruan egingo da, egoeragatik. Aforoa mugatua dauka Areriak, eta sarrera lazkao.eus-en erreserbatu behar da.
Bertso hazia iraileko ereiteko asmoa du Gerrikok, gero ere.













