CAFek zalantzak ditu Renferen 2.700 milioi euroko kontratuaren aurrean
CAFek dioenez, enpleguan eragin dezake Renferen kontratu desiratua ez lortzeak
Renfe bere aldiriko trenak berritzeko lehiaketa bat egiten ari da: 2.726 milioi euroko eskaera erraldoia. Eskaera honek bere baitan hartzen ditu 211 tren eta haien mantentze lana urteetan zehar, eta baita gerora 120 tren gehiago eskatzeko aukera ere. Beasaingo CAF konpainia eskaera honetan lehiatzen ari den enpresetako bat da, Frantziako Alstom eta Suitzako Stadlerr enpresekin batera.
Kontratu hau lortu ezkero Irungo eta Beasaingo lantegietako lan karga aldi luze baterako bermatuko litzatekeen arren, CAFek sindikatuei jakinarazi dienez, Renferen kontratu erraldoia Alstom edo Stadlerr enpresen eskutan geratzeko aukera handiak ikusten ditu. Kontratua bitan banatuko dute, alde batetik milioi inguru eta bestetik 1.700 inguru.
Renferen kontratu erraldoi hau ez lortzeak, enpleguan eragin dezakeela dio CAFek. Covid-19aren ondorioz Beasaingo eta Irungo fabrikak ixtea adostu zutenean, lanordu horien %80a berreskuratzeko konpromisoa hartu zuten langileek. CAFek LAB sindikatuko kideei agindu zieten lan poltsako langileak deituko zituztela, baina orain enpresak denbora gehiago eskatu diete agindutakoa bete ahal izateko, izan ere, 55 lanera deitu dituzten arren, beste 45 falta dira. LABeko kideek diote Renferen kontratua lortzeak edo ez 2022an izango lukeela eragina, eta ez duela zerikusirik agindutakoarekin.
CAFek Renferen kontratua beste enpresa batek hartuko duenaren ebidentzia ziurrik ez duen arren, badaude zalantzak sortzen dizkieten zenbait gai. Izan ere, Frantziako enpresak 2.000 lanpostu inguru emango ditu Bartzelonako eta Madrilgo plantetan, eta aldiriko 211 tren berri horiek batik bat Katalunian eta Madrilen ibiltzeko pentsatuta daude. Bestetik, Stadlerrek Valentziako plantan 40 milioi euro baliatuko ditu, eta 500 enplegu berri emango dituela agindu du.
Beasaingo enpresak duen aurreikuspen ezkorra betetzen bada, Renfek uda hasieran eman zion 258 milioi euroko kontratuarekin konformatu beharko du.