Erosketa bonoen salmenta bikoitza Zaldibian
Asteburu honetan erosketa bonoen 2. edizioa eta mondeju pintxoa dastatzeko bonoa salduko dituzte plazan
Festak bertan behera utzi izanaren ondorioei zein Covid-19ak utzi dituenei aurre egiteko asmoz, erosketa bonoen salmenta bikoitza egingo dute Zaldibian asteburu honetan. Ostiralean goiz eta arratsaldez arituko dira bonoak saltzen; goizean 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara. Larunbatean, berriz, soilik goizez eskuratu ahalko dira, 11:00etatik 13:30era. Bonorik geratzen bada, astelehenetik (irailak 21) aurrera Udaletxean salduko dira.
Herriko ekoizle, komertzio eta ostatuetan 10€-ko balioan erabili daitezkeen erosketa bonoez gain, nobedade bat ere gehituko dute: herriko tabernetan urrian eta azaroan zehar mondeju-pintxoa erdi prezioan eskuratzeko pintxo bonoa.
Erosketa bonoen lehen edizioaren arrakasta ikusita, beste 6.000€ bideratuko ditu Udalak ekimenera. Horrela, guztira 12.000€ jarriko dira herritarren poltsikoetan hauek herriko ekoizle, komertzio eta ostatuetan gastatuak izan daitezen, guztira 36.000€ko inpaktua eraginez. 10€ko 3 bono eskuratu ahal izango dituzte herritarrek 20€ko prezioan. Herritarrak 20€ jarriko ditu, Zaldibiako Udalak 10€ eta horrela 30€ak herrian geratuko dira. Bonoak 2020ko abenduaren 31a baino lehen gastatu/erabili behar dira.
PINTXO BONOA
Zaldibian aurten mondeju banaketa egitea ezinezkoa izango denez, horrek eragindako kalte kultural eta ekonomikoa arindu nahirik sortu da ekimen hau.
Mondeju banaketara bideratu ohi den diruaz ostalarien laguntzaz, herritarrek erdi prezioan eskuratu ahal izango dute pintxoa ekimenera batu diren tabernetan. Bonoa euro batean erosteko aukera izango du herritarrak eta beste euro bat Udalak osatuko du, horren truke mondeju pintxo bat atera ahal izateko. Guztira 1500 bono aterako dira salmentara eta urriaren 10era arte herritar bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu gehienez. Hortik aurrera gastatu ez badira, nahi adina erosteko aukera irekiko da. Bonoak 2020ko urrian eta azaroan erabili beharko dira.