«Familia handi bat gara, herritik herriarentzat antolatzen dira festak»
Itsasondoko festak bertan behera geratu badira ere, Jai Batzordeko kideek festetako une politenak ekarri dituzte gogora. Festa parte hartzaileak direla nabarmendu dute.
Gaur arratsaldean jaurtiko zatekeen Itsasondoko festen hasierako suziria, baina aurten,beste hainbat eta hainbat he-rrietan gertatu den bezala, festak bertan behera uztea erabaki duzue.
Jabi Diaz: Dinamikak berak ekarri gaitu puntu honetara. Egoera nolakoa den ikusita…
Elena Manso: Maiatza inguruan hasten gara bilerekin. Festek, urtero, eskema beretsua izan ohi dute, eta aldaketaren bat bada, edo zein musika taldeekarri erabakitzeko adibidez, maiatzetik aurrera egiten dugu.
J. D.: Aurten, uztailetik aurrera Goierrin eman den egoera ikusita, Ordizian gertatu zena, eta inguruko herrietan ere nolako eragina izan zuen horrek, festak bertan behera uztea erabaki genuen jai batzordean parte hartzen dugun herriko eragile desberdinek.
Festen antolakuntzan, herriko eragileek parte hartzen duzuela esan duzue, zeintzuk? Nola egiten duzue lan?
E. M.: Herrian dauden talde edo elkarte desberdinen ordezkaritza banak parte hartzen du: Guraso Elkartea, Jubilatuen Elkartea, Arbelaitz Elkartea eta udaleko Ongizate Saila. Horiez gain, herritar solteek ere parte hartzen dute. Bilerak, hamabostean behin egiten dira, eta irekiak dira edonork ekarpenak egiteko. Zeintzuk dira Itsasondoko festetako ekitaldi esanguratsuenak?
J. D.: Herri bazkari eta afariak dira sekula falta ez direnak. Herriko plazan bost otordu egiten ditugu. Jaien hasierarekin batera, ostiralean egin ohi dugu lehena. Itsasondoko festak, kaleko festak dira, herritarrak mahaiaren bueltan elkartu eta ongi pasatzeko egunak. Haurrei ere protagonismo handia ematen saiatzen gara, haiek inplikatzen. Eta horrez gain musika kontzertuak, mozorro festa…
Zein da Itsasondoko festen bereizgarria?
J. D.: Itsasondoarrek lagun asko ditugu hemendik kanpora, beraz jende asko etortzen dela beste herri batzuetatik, Ordiziatik, Legorretatik, Beasaindik, Tolosatik… Herri horietan jaiotako jende asko bizi da hemen.
E. M.: Jabik esandakoarekin bat nator. Ni neu, Ibarran jaiotakoa naiz. Duela 15 urte etorri nintzen Itsasondora. Baina esandakoaz gain, gehituko nuke, festa oso herrikoiak direla, jende guztiak parte hartzen duela, gazteenak eta adinekoak guztiak kontuan hartzen direla. Familia handi bat gara, eta herritik herriarentzat antolatzen dira festak.
J. D.: Badaramatzagu urte batzuk, integrazioaren gaia oso sakonki lantzen, horren adierazle da, Harrera Eguna. Egun horretan, beste herri eta herrialde batzuetatik Itsasondora bizitzera etorri diren herritar berriei ongietorria egin, eta herrian dauden zerbitzuen berri ematen zaie. Bizilagunak garela adierazi nahi zaie horrekin, laguntzeko gaudela, alegia. Eta egun horrek ondorio oso positiboa du, herriko festetan ere, nabari dena, partaide oso aktiboak bihurtzen baitira Itsasondon jaio ez diren herritarrak ere. Festei hasiera emateko egiten den Ijitoaren jaitsieran, pregoilari izan dira.
Aurtengo pregoilariak izendatuta zenituzten?
E. M.: Aurten, Jubilatuen Elkartekoak.
Iaz, Guraso Elkartekoek izan zenuten ardura hori. Nola bizizenuten?
E. M.: Oso oso polita izan zen. Balkoitik izaten den ikuspegia ederra da, emozio handiarekin bizi izan nuen iaz. Jende pila bat gerturatzen da udaletxe aurrera. Pregoilari bakoitzak erabakitzen du festei nola eman hasiera. Guraso Elkartekook gitarraz lagunduta, haurrak eta gurasoak abesten eman genien hasiera festei. Ederki pasa genuen!
Iazkoaz ari garela, Huntza taldea ekarri zenuten. Oso entzuna izan zen.
J. D.: Bai, lanketa oso luzearen ondoren erabaki genuen Huntza ekartzea. Arrakasta itzela izan zen. Oso eskertuta gaude, esfortzu handia egin zutelako Itsasondoko festetan jotzeko.
E. M.: Oso ondo atera zen guztia eta horrelako talde handia ekartzea salbuespen modura planteatu bagenuen ere, emaitza ikusita, hurrengoetarako ere badugu pentsatuta horrelako kontzertu erakargarriak antolatzea. Listoia oso altu jarri dugu.
Itsasondo bezalako herri batek festak antolatzeko aurrekontua juxtua izango du. Dena den, egitarau betea izan ohi duzue.
J. D.: 9.000 euro izaten ditugu eta kopuru hori, segituan gastatzen da. Egia da, frontoian irisgarritasuna hobetu zenetik, espazio hori aprobetxatzen dugula eta horrek, karparen alokairuan gastatzen genuena, beste gauza batzuetan gastatzen dugula.
E. M.: Dena den, lehen esan bezala, herritar guztiak inplikatzeak ere laguntzen du. Iaz adibidez, 80ko hamarkadako festa antolatu genuen, eta urtero egiten ditugu horrelakoak. Erakusten dugu, diru gutxirekin ere antolatu daitezkeela festa polit askoak