Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakunde adierazpena
Bart Legorretan izandako eraso matxista dela eta, Legorretako Udalak aho batez onartutako adierazpenarekin bat egin eta erakunde adierazpena atera du
Honela dio, hitzez hitz, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitara eramandako erakunde adierazpenak:
Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde adierazpen honen bitartez, bart Legorretan izandako bortizkeria matxista kasua indar guztiz salatu eta arbuiatu nahi du. Foru erakundeak, aldi berean, elkartasun osoa eta babesa eskaini dizkio biolentzia kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo Instituzionalari jarraituz, Foru Aldundiak bat egiten du Legorretako Udalak aho batez adostu duen adierazpenarekin. Gizon eta emakumeen berdintasun eza dago halako erasoen oinarri-oinarrian, emakumeak kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Horregatik, beste behin ere, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian jartzen dugu azpimarra; pertsonen duintasuna, askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.
Egungo pandemia egoeran, foru erakundeak herritarrei dei egin die bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten. Erakunde eta herritar oro gertu gaude edozein unetan haiek laguntzeko. Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak, gaur 19:30ean Legorretako herriko plazan osasun neurri guztiak errespetatuz egingo den elkarretaratzean parte hartuko du.