Goierriko lehen arretako zentroetan kontzentrazioak egin dituzte
Beasain, Ordizia, Lazkao, Zumarraga eta Legazpin egin dituzte kontzentrazioak Osakidetzako langileek
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, 13:00etan Osakidetzako langileak kalera irten dira kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde. Goierrin ere bat egin dute, eta kontzentrazioak egin dituzte Beasain, Ordizia, Lazkao, Zumarraga eta Legazpiko lehen arretako zentroetan.
Langileen baldintzak osasun-larrialdi bat agertu ondoren oso agerian geratu direla aipatu duten arren, azken urteotan ere antzeko egoerak gertatu direla salatu dute, eta hori dela eta Osasun sailburu berriari ohartarazi diote irtenbiderik proposatu ezean, protestak areagotuko dituztela.
Osasun-sistemaren arazoen artean aipatu dituzte “langile falta, behin-behinekotasun tasa altuak Osakidetzan, neke fisiko eta emozionala, lanaren gainkarga sistematikoa, estresa, errekonozimendu eza, babesgabetasuna, laneko osasunaren ardura falta, kontziliazio-beharren neurri gabezia eta lan-baldintzen narriadura etengabea”.
Mobilizazioen egutegia gaur abiatu den arren, hurrengo pausua irailaren 25ean ospitaleetara joatea izango da goizeko 11:00etan. Bestalde, urriaren 3an, manifestazioa egingo dute Bilbon.