Legorretan izandako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur
Legorretako talde feministak protesta antolatu du plazan, 19:30ean. Udalak eta foru aldundiak bat egin dute deialdiarekin.
Bart gauean Legorretan izandako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Legorretako talde feministak, 19:30ean, plazan. Berria egunkariak Ertzaintzako iturriak aipatuz jakinarazi duenez, 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Kalean gertatu zen erasoa, 22:40 aldera, eta hainbat lekukok ikusi zuten. Haiek eman zioten abisu Poliziari.
Atzo gauean herrian izandako eraso sexistaren harira, Legorretako Udalak, EH Bilduren eta EAJren adostasunarekin, adierazpen bateratua osatu du, eta udalak “gaitzespen gogorrena” azaldu eta “babes osoa eskaini” dio erasoa pairatu duen emakumeari.
Dena den, udalaren ustez, “eraso sexista kasu hori ez da eraso bakana, kasu isolatu gisa hartu beharrekoa. Indarkeria matxistaren beste agerpen bat da, eguneroko desberdintasun eta zapalkuntzaren muturreko adierazpena. Emakumeen aurkako egiturazko indarkeria baten barruan ulertu behar da, beraz, eraso sexista kasu hori ere”. Era horretan, “guzti-guztien zeregina da indarkeria horri aurre egitea. Erakundeena, haien lana baita indarkeria hori saihesteko bideak jartzea, prebentzio lana egitea, eta biktimak babestea. Eta baita herritarrena ere: isilik ez geratuz, erasotzaileen jarduna salatuz, eta biktimak errespetatuz eta zainduz. Alde horretatik, aipagarria da herritarrek atzo gauean izandako jarrera”.
Honela, Legorretako Udalak jakinarazi nahi du martxan jarri duela Gipuzkoako udalerrietan indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa, herrialdeko udalek eta diputazioak adostua. “Protokolo horri jarraituz, eta indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzeko, udalak bat egiten du herriko talde feministak antolatutako elkarretaratzearekin: gaur, ostirala, 19:30ean, herriko plazan, osasun neurri guztiak errespetatuta. Udalak herritar guztiei dei egin nahi die ardura har dezaten, eta protesta horretan parte har dezaten”.
Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak, gaur 19:30ean Legorretako herriko plazan osasun neurri guztiak errespetatuz egingo den elkarretaratzean parte hartuko du.