EH Bilduk Urretxun eta Zumarragan Hezkuntza Mahaia eratzea eskatu du
Mahaia ikastetxeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek osatuko lukete. Helburua hezkuntza komunitatearen beharrei erantzuna ematea da
EH Bilduk Urretxu eta Zumarragako udaletan Hezkuntza Mahaia eratzeko eskaera erregistratu du. Ekimen horren helburua «bizi dugun osasun larrialdia dela eta hezkuntza komunitateak pairatzen duen ezinegon, ziurgabetasun eta beharrei erantzun bat ematen saiatzea da». Mahai hori bi herrietako ikastetxeetako eta bi herrietako udalak osatzen dituzten alderdi politikoetako ordezkariek osatuko lukete.
EH Bildukoen ustez, ikastetxeek, familiek eta ikasleek behar asko dituzte: garbitasuna eta higienea bermatzea, espazio gehiago eskaintzea, behar gehien duten ikasleenganako arreta areagotzea, euskararen erabilera, digitalizazioa, egoeraren kudeaketa emozional-afektibo… «Erronka handien aurrean gaude eta ikastetxeek eta hezkuntza komunitateak udalen babesa eta laguntza behar dute, eta elkarlanean egin behar dugu».
Udalek gauza asko egin ditzaketela uste dute: garbitasuna eta higienea bermatzeko gastu gehigarriak beregain hartu, arrakala digitala murrizteko azpiegiturak eta ekipo informatikoak baliabiderik ez duten familien esku jarri, euskara errefortzuak antolatu, udalen eraikinak eta espazioak ikastetxeen esku jarri, maskarak ikasle guztiei doan banatu…
Herri hezitzailea
Herri hezitzailearen filosofia martxan jartzea eskatu dute. «Eragile guztiok, modu batera edo bestera, hezitzaileak gara edo izan gaitezke. Gaur egun udalek hezkuntzarako ahalmen handia dute, inoiz baino handiagoa. Horrela udalerri guztiak dira eremu hezitzaileak eta udalak eta eragileok ere bagara eragile hezitzaileak». Hezkuntza Mahaia bi herriotako hezkuntza komunitateak hain beharrezkoa duen lankidetza eta elkarlanerako lehen hazia izan daitekeela uste dute. «Osasun larrialdiak eragindako egoerari erantzuteko abian jarriko litzateke eta aurrera begira hausnarketa zein elkarlanerako gune iraunkor bilakatzea nahiko genuke».
Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete azken hilabeteetan «lan itzela» egin duten irakasle, zuzendaritzako kide, langile, guraso eta ikasle guztiei.