Emozioak erdigunean
Ordiziako Jakintza Ikastolan eta Urdaneta Eskola Publikoan ikasleen emozioetan ipini dute arreta, COVID-19agatik egoera hain berezian hasi den ikasturte honetan.
COVID-19ak sortu duen egoera erronka handi bat izaten ari da ikastetxeentzat. Ordiziako Jakintza Ikastolan eta Urdaneta Eskola Publikoan, «urduritasunez» ekin zioten, baina ikasturtearen hirugarren astean sartuta, «pixkana-pixkana» ari dira «egoerari neurria hartzen».
Aldaketa «asko» eta lan «handia» suposatu du ikasturte berria hasteak. Udako oporrak hartu aurretik lanak aurreratu zituzten bai Ikastolan, bai Urdanetan. Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren protokoloak aztertu, eta hori betetzeko kontingentzia planak finkatu zituzten. Gurasoei ere jakinarazi zieten zeintzuk izango ziren ikasturte honetarako jarraibideak.
Marian Iturrioz Jakintza Ikastolako LHko koordinatzaileak kontatu duenez, «LHkoekin ordutegia malgua» izaten ari da. «Hiru zikloetako ikasleak ordu desberdinetan sartzen dira, pilaketarik ez sortzeko, DBHkoak 08:30ean sartzen dira, Batxilegokoak, 08:00etan». Hori lehen ez zen egiten, beste aldaketa askoren artean, hori da bat. Gainera, «sarrera-irteeratarako ibilbideak markatuta daude, geletan ikasleak bakarka daude eserita, higinea zaintzen da, atsedenaldietan taldeka daude…».
Urdanetako zuzendari Mabel Ciak ere azaldu du nola ari diren antolatzen eskolako sarrera-irteerak, besteak beste: «HHn era mailakatuan hasi gara, ordu desberdinetan sartzen dira, eta sarrera desberdinetatik sartzen dira ikasleak, atsedenaldian ere ordutegi desberdinak dituzte, eta gela bakoitza bere esparrua du atari orduan». Gehitu du, «bi urteko gelatik, 6. mailara, burbuila gelak antolatu» dituztela. Bestalde, 6. mailatik gora, «denak ordu berdinean sartzen dira, baina ziklo bakoitza patio batean elkartzen da eta koloreka, taldeak antolatzen dira». Eskolan sartu aurretik, «ikasle guztiei tenperatura hartu eta eskuak garbitu arazten zaie».
Guztia antolatzea, ez da erraza izan, ikastetxe handiak dira, ikasle askokoak, Hezkuntza Sailak baliabide gehiagorekin lagundu ez izanak prozesua zaildu duela nabarmendu dute. Horri gehitu behar zaio, behin kontigentzia planak prest zituztela, azken uneko aldaketak izan zituela Eusko Jaurlaritzaren protokoloak, beraz, eskolek aurreratuta zituzten planak, egokitu egin behar izan zituztela, «horrek suposatu duen esfortzu gehigarriarekin».
Hainbeste aldaketen aurrean, ikasleak nola moldatuko ziren kezka zen bi ikastetxeetan, baina ikasleen aldetik «jarrera oso-oso ona» izaten ari dela nabarmendu dute, orokorrean, «lasaitasunez eta errespetu handiz» ari direla.
Komunikazioa
Ikasleen ongizatea lehenetsi dute Jakintzan eta Urdanetan, eta emozioen lanketa berezia egiten ari dira bi zentroetan.
«Ikasleak nola etorriko ziren eta harrera nola egin kezkatzen gintuen», esan du Urdanetako zuzendariak. Horren aurrean, saio bereziak egiten ari dira, «berriro kohesioa lortzeko, baita etxean egon diren hilabeteetan nola egon diren jakiteko, azken finean, ikasleen beharrak identifikatzeko lanean dihardugu». Izan ere, «familia asko eta errealitate oso desberdinak dituen komunitatea osatzen dugu, eta oso kontziente gara». Lehen, «astean ordubete, tutoretzarako baliatzen» zuten, «baina momentu honetan, astero bi ordu eskaintzen» dizkiotela. Horrez gain, kurtso hasieran, gela guztietan, tutore eta irakasleekin, normalizazioa lantzen» dute: «Gelan, nola egongo diren, zer egingo duten irailean zehar, azalduko zaie». Helburua da «ikasleei lasaitasuna eta segurtasuna transmititzea».
Ongizatea bermatzeko bidean, komunikazioa da emozioak irekitzeko giltza. Eta Jakintzan ere, Urdanetan bezala, ikasleekin etengabeko hartu emanean ari dira. Adibide bat jarri du Iturriozek: «Emozioen inguruko lanketan, ikasle batek erantzun behar izan du, zerk harritu dion eskolara itzulera honetan, eta erantzun du, izugarrizko gogoa zuela eskolan hasteko, gustura hasi dela, eta bazekiela gauza batzuk aldatuta egongo zirela, baina ez zuela espero hainbeste gauza bete beharko lituzketeenik».
Positiboen kudeaketa
Une honetan, COVID-19an positibo diren kasuen aurrean, eskenatoki horren kudeaketa da kezka nagusietako bat ikastetxe guztietan. Bi ikastetxeetako ordezkariek azaldu dute, positibo kasuen aurrean, zehaztuta daudela jarraibideak. Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin jarri beharko dutela kontaktuan, eta haiek, kasua aztertu ondoren, egoera konkretu bakoitzari egokitutako aktuazioak finkatuko dituztela: «Mailen arabera, erabakiak desberdinak izango dira. Ez da berdina ikasle batek edo irakasle batek positibo ematea. Ume batek ematen badu, esango digute, ume horren inguruan zeintzuk isolatu behar duten. Unea iritsita, esango digute, gela osoak isolatu behar duen, ala ez. Ume bat baino gehiago bada, etxeko lanak bidaliko zaizkie, beste gaixotasun bat dutenean bezala, eta tutorea jarriko da kontaktoan haiekin. Gela osoa bada, kasuistika desberdina da».
Testuinguru konplikatu honetan, Ordiziako bi eskoletako komunitateak osatzen dituzten pertsona guztiak egiten ari diren «lan handia» azpimarratu dute Ciak eta Iturriozek, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete, «gurasoei etxean egiten ari diren lanagatik, ikasleei eskolara dakarten jarreragatik, irakasleei eta eskolako langile guztiei, jangela eta autobus zerbitzuetan aritzen direnei ere».
Nahiz eta egoera izan «ziurgabetasunezkoa, lasaitasun apur bat» ere transmititu nahi dute. «Egoera hau ez genuen inork espero, eta hau guztia iritsi zenean, aurre egin genion, beraz, orain ere, etortzen denari, ziur gaude, denon artean aurre egingo diogula, ahal den modurik egokienean, eta bitartean, saiatu behar dugula. Egia da, ez dela lehen bezala, baina, aldaketa horretan ahal dugun modurik onenean eta lasaitasunetik aurre egiten eta egoera desberdinak kudeatzen saiatu behar gara».