«Feriarik gabe, baserritarra ezkutuan geratzen da berriro»
Koronabirusaren osasun-krisi egoeragatik, Basherri Eguna, nekazaritza feria eta ganadu erakusketa ez dira egingo aurten Lazkaon. Zuzeneko salmenta kaltetuko da, tartean.
Lazkaon igandean zatekeen Basherri Eguna, bederatzigarren aldiz. Ez da ospatuko.
Ez da ospatuko, ez. Udalean erabaki genuen jendea biltzen den ekitaldiak ezin direla ospatu, osasuna arriskuan jartzen delako. Hasieran, distantziak bermatuz-eta egin ote zitekeen hasi ginen pentsatzen, baina arriskua ikusten genuen hala ere, orain gauden fasean. Azkenean, erakusketa saihestu egin beharko genukeela ikusi zen, eta ez egitea erabaki genuen.
Urtearen zein garaitan hasten zarete, besteetan, antolatzen?
Urteroko osagaiak ditu, eta errepikatzen diren gauzak dira erakusketak eta postuak. Horiek nahikoa bideratuta daude. Aurreneko bilera uztailean egiten dugu, aurreratzeko zer lan dagoen, berritasunik baden ala ez, zeinek eman duen izena… Uztailean elkartu ginenean, orduan koronabirusa zegoen egoeran, artean pixka bat hobetzen zihoala ematen zuen, eta horrela ondo bazihoan, ospatzeko apustua egin genuen udaletik. Zerbait egiteko modua izango zela pentsatzen genuen. Baina ezer erabakitzen ere ez ginen ausartu, eta irailaren lehenengo asterako utzi genuen. Orduan jada elkartzeko lanik ere ez zen izan: bozeramaileek hitz egin zuten, eta erabaki zen aurtengoa uztea.
Baserritar askok parte hartu ohi dute ferian?
Antzeko kopurua izaten da, urterik urtera. Postuak eta saltzaile kopurua jaitsi egin da, hala ere: iaz lau izan ziren, hasieran seirekin hasi zena. Jaisten ari da salmentaren arloa. Erakusketarako ganadua ekartzen dutenen kopurua, aldiz, mantentzen da. Baina esan liteke ez gora, ez behera dagoela. Saltzaile aldetik, bai, behera egin du zerbait, lana delako. Zuzeneko salmenta egiten dutenak lauzpabost daude bakarrik. Hortik aurrera, baratzea duten baserriak gehiago ere badira.
Zer suposatzen du Basherri Eguna ez egiteak?
Betikoa: baserritarra berriz ere ezkutuan gelditzen dela, eta salmenta aldetik ere gutxitu egiten zaizkiola aukerak. Egun polit bat galduta geratzen da. Erakusketa urte batean ez egiteagatik ez da hainbesteko galerarik, baina kontzientziazioa da hori ere, azken batean. Salmentari begira bai. Azkenean, feria honetan saldu egiten dute produktua baserritarrek, eta hori ez dute izango. urteko produktua dutenek. Haragiak eta esnekiak saltzen dira, artzainentzat ere egun oso polita izaten da eta gazta dezente saltzen da.
Zerbait egin ote liteke gabezia hori estaltzeko, gutxienik?
Udaletik beste formula bat pentsatzen ari gara. Asteazkenean [bihar] batzordean hitz egitekoak gara, baina baditugu ideiak. Etxetik zuzenean saltzen dutenei apirilean ere gutxitu zitzaien salmenta. Ea beste bide batzuk aurkitzen ditugun, jendea haiengana hurbiltzeko.
Zein ildotan lan egin liteke?
Gehien bat salmenta zuzena egiten duenari oztopatu zaio egoera; produktuak etxera erostera joateko ohitura hoztu egin zen. Gure kasu partikularrean, harategi bati saltzen diot txekor haragia, eta martxoan eta apirilean gainezka ibili zen, txekorra eskatu eta eskatu. Bestetan jangeletan bazkaltzen zuten ume eta guraso guztiak etxean zeuden orduan. Oraindik ez da hainbeste jaitsi arlo hori. Koronabirusaren krisiak erakutsi diguna zera da: gertuko baserritarrak eta denda txikien komertzioa hor dagoela, eta hori baliatu behar dugu. Baina horietara jo beharrean, Donostiara zentro handietara joaten gara, edo Interneteko plataforma handietatik erosten dugu. Bertako produktua kontsumitzeko balio dezala.