Ordiziako San Josen bilduko ditu aldundiak COVID-19 kasu arinak
Gipuzkoako zahar etxeetan koronabirusak kutsatutako ondorio arinak dituzten eta sintomarik gabeko 65 egoiliar artatuko dituzte. ELAk prozedura salatu du
Ohiko adineko zentro izan ordez, COVIDak arin kutsatutako Gipuzkoako egoitzetako egoiliarrak bideratuko dituzte San Josera // A.Aranburu COVID-19 koronabirusaren izurriteak gogorrenetariko eraso duen komunitatea zahar egoitzetan bizi direnena da. Arrisku handiko multzoa da adinekoena birusa hartuz gero. Bigarren hedapen olatua ofizialki aitortu den honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ordiziako San Jose egoitza bihurtuko du zentroetako egoiliar gaixotuen Gipuzkoako bigarren gunetzat. Gaur irekiko dute, obrengatik ekainetik itxita egon ondoren.
Gipuzkoan barrena dauden 65 adineko egoitzetako egoiliar kutsatuak bideratuko dituzte San Josera, «aldi baterako». Birus-karga txikia duten edadekoak eta arreta soziosanitariorik behar ez duten COVID-19 kasu asintomatikoak artatzeko erabiliko du aldundiak Ordiziako egoitza, herenegun esan zuenez.
Egoitzetan bizi direnei osasun arreta hobetzeko eta plazak gehitzeko egitasmoa dela azaldu Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak: «Osasun krisia hasi zenetik egin dugun apustua izan da une oro behar diren baliabideak eta zerbitzuak eskaintzea, egoitzetan bertan ematen den arretaren osagarri».
Hala, Ordiziako San Jose COVID-19aren izurriari aurre egiteko Gipuzkoan bereziki prestatu duten hirugarren egoitza izango da. Martxoaren 15ean, alarma egoeraren hasieran, Gurutze Gorriaren Donostiako ospitalea adineko egoiliarrak hartzeko egokitu zuten. Maiatzaren 8tik aurrera, berriz, Eibarko Ospitaleko gizarte-instalaziora eramaten dituzte.
111 plaza bi egoitzatan
Ordiziako San Josek Eibarko Ospitaleko zerbitzuaren osagarri eta lagungarri funtzionatuko du. Eibarren 56 plaza daude, eta Ordizian 65 plaza gehituko zaizkie.
Kabia foru erakundean dago San Jose egoitza duela hiru urtetik udalarena zen ordura arte, eta titulartasun publikoa du. Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euroko inbertsioa egin du bertan. Ekainean itxi zuten, «instalazioak behar berrietara egokitzeko».
Igogailu berria eraiki dute, aldagelak berritu, eta banakako gela gehiago sortu dituzte. Oxigeno-sistema bat ere instalatu dute. «Espazioa egokitu eta prestatu dugu COVID-19ari aurre egiteko eta zentroak bere kontingentzia planean aurreikusitako neurri guztiak bete ditzan», azaldu du Peña diputatuak.
ELAren salaketak
San Jose egoitzako ELAren batzordeak salatu du, funtzio aldaketa honekin, egoitza «esku pribatuetara» igaroko dela; Kabia erakundeak zuzentzetik Eulen enpresak zuzentzera. Egoitza «arrunt» izatetik «egoitza medikalizatu» izatera pasatuko dela ere ohartarazi du: «Zer gertatuko da zerbitzu hau behar duten Ordiziako aitona-amonekin?», galdetu du ELAk. «Herri ikuspegitik» gabezia dakarkeela dio.
Bestetik, egoitzako langileen beharrak eta azken boladan jasan duten «kaosa, beldurra, antsietatea eta estres izugarria» gainditzeko edo bideratzeko «babes nahikorik» eta konpontzeko mekanismorik ez dutela martxan jarri aldundiak eta Eulenek salatu du ELAk. «Guk eskatuta, orain hasi berri gara Eulenekin arrisku psikosozialen prozedura eztabaidatzen, baina ez da ebaluaziorik egin oraindik», dio ELAk, ohar batean.
Sindikatuaren datuen arabera, 67 langile ari dira San Josen: 12 Kabiarenak dira eta 55 Eulen enpresakoak. Koronabirusaren pandemiak lehen hilabeteetan «gogor» jo zuen egoitzan: «Zeuden 68 egoiliarretatik 25tik gora hil ziren birusarengatik. Beste hainbat egoiliar gaixotu ziren, eta 26 langile ere bai. Zazpi langile ospitaleratu behar izan zituzten», azaldu du ELAk.
Ekainaren 19an zentroa itxi zenetik egindako egokitzapenetarako ere langileen baldintzak aldatzeko «inongo borondaterik» ez dute ikusi erakundeen partetik. Behin-behineko langileak kaleratu zituzten, eta azpikontratatutako langileen baldintza-aldaketen negoziazioa etenarazi zuen horrek. 243 egun greban egin, eta oraindik hitzarmenik gabe daudela erantsi du.
Egoitzan egin diren azken egokitzapenak zerbitzu «medikalizatua» emateko nahikoa egokitasun duten ere ez dakitela diote langileek.
ELAk aldundiari eskatu dio «zuzendaritza pribatizatzeko» erabakia ezezta dezala, baita herriko zerbitzua kentzearena ere.













