«Mila lagunekin ezin da egin»
Legazpiarren mendi martxa kuttuna ez da egingo aurten, eta igandean Brinkolara ez da iritsiko urteroko mendizaleen uholderik. Hurrengo urtean jarri dute begia antolatzaileek.
Aizkorrin Barrena mendi martxa igandean zen egitekoa.
Javi Zubizarreta: Bai, irailaren azkenekoan. Hau dena hasi zenean, zain geratu ginen, egoerak nora jotzen zuen ikusi arte. Azkenean ez egitea erabaki dugu.
Josetxo Agreda: Uztailean elkartu ginen, baina ez genuen ezer erabaki. Oporren ondoren erabakitzeko geratu ginen, geure burua gai ikusten genuelako dena hilabete batean antolatzeko. Baina egoerak okerrera egin zuen… Hurrengo urtean bai!.
Zein izan da arrazoi nagusia?
J.Z.: Jende pilaketak. Ezin dugu hori kontrolatu irteeratan, anoa puntuetan, bukaeran…
J.A.: Mila lagun inguru elkartzen gara, eta ezin da.
Eta zer sentitzen da?
J.Z.: Pena handia.
J.A.: Lasaitasuna ere bai. Azken urteetako irailak oso gogorrak izan dira, bideak garbitzen eta beste lan batzuk egiten.
Horrelako mendi martxa batek lan asko eskatzen al du?
J.Z.: Bai, baina nahiko martxa ona hartuta dugu. Bakoitzak bere lanak ditu finkatuta, erosketak, baimenak… Horregatik esan dugu gai garela ia guztia hilabete batean antolatzeko. Lehendik beste gestio batzuk ere egin behar dira, noski, udalari baimenak eskatzea, adibidez, edo foru aldundiari, Aizkorriko parke naturalean 200 pertsona baino gehiago ibiltzeko baimena behar delako.
J.A.:Aldundiko baimenaz udala arduratzen da. Esan beharra daukagu udala oso ondo portatzen dela gurekin, materiala uzten digulako, kamioia…
Eta zenbat lagun zarete?
J.A.:Antolaketa taldean hamar-bat gara, eta iaz jende berria sartu zen. Hasiera-hasieratik zebilen Aitor Casadok utzi egin zuenez, laguntza eskatu eta jende berria etorri zitzaigun, gaztea.
J.Z.:Aitorrek lan asko egin du, batez ere logistika informatikoaz arduratzen zen: aurrez egiten diren izen-emateak, egunean bertakoak, bukaerakoak… Gazteek hartu zuten horren ardura, eta ideia berriak proposatu dituzte, QR kodeak erabiltzea, adibidez.
Laguntzaile ugari dituzue.
J.Z.:Egunean bertan, 100en bat.
J.A.:Izen-emate puntuan, anoa postuetan, kamisetekin, bazkariarekin… Brinkolako asko daude, 30 inguru.
Noiztik egiten da Aizkorrin Barrena mendi martxa?
J.A.:2008ko urriaren 12tik. Aurtengoa 13. edizioa zen.
J.Z.:Urriaren 12a jai eguna da berez. Urte hartakoa igandea zen, baina hurrengoak astean zehar tokatzen ziren eta mendi martxarako oso aproposak ez zirela ikusita, irailaren azken igandera aldatzea erabaki genuen.
Zer dela eta sortu zen?
J.Z.:Sotero Plazaola alkate zen orduan, eta Legazpi Seguratik banandu zela 400 urte betetzean ospakizunak antolatu zituzten. Izadi Zaleak elkarteari Legazpitik Segurara mendi ibilaldi bat prestatzeko eskatu ziguten. Oso erantzun ona izan zuela ikusita, 300-bat lagun joan zirelako, beste mendi martxa bat antolatzera animatu gintuen alkateak.
J.Z.:Eta antolatu genuen, Legazpi, 400 urtez aske programaren barruan. Hura ere ondo atera zenez, urtero egitea erabaki genuen.
Helburu zehatz batzuk zituen lehenengo hark.
J.Z.:Aizkorriko parke naturaleko sarreretako bat Brinkola izatea aldarrikatu nahi genuen.
J.A.:Haurren eta gaztetxoen artean mendi zaletasuna sustatzeko helburuarekin ere sortu zen.
Lehiaketa bat ere egiten duzue.
J.A.: Helburu didaktikoa ere badugulako, igarotzen diren lekuen izenak jartzen ditugu karteletan. Lehiaketan horiei buruzko galderak egiten ditugu. Azken urteetan Mikel Oskoz izena jarri diogu; antolaketa taldekoa zen, eta mendian hil zen, Aizkorrin Barrenarako bidea garbitzen ari zela.
Antolaketan ez zineten bakarrak Izadi Zaleak elkartekoak.
J.A.:Ez, Gaztetxea, Brinkolako Arriurdin auzo elkartea eta Armuño elkartea, eta Burdiñola ere tartean ziren. Gaztetxea ia ez dago antolaketa taldean.
Mendizale asko ere zuekin daude hasieratik.
J.Z.:Baietz uste dugu. 10. urteurrenean, edizio guztietako kamisetak erakutsi genituen; askok esan ziguten denak zeuzkatela.
J.A.:Legazpiar asko izaten ditugu urtero, batez ere familiak, umeei asko gustatzen zaie.
Zer da Aizkorrin Barrena?
J.Z.:Brinkolatik irtenda eta amaituta, Aizkorri inguruan egiten den mendi martxa da. Bi ibilbide ditu, Tipi-Tapa, 16 kilometrokoa, eta bestea luzeagoa, Zanpa-Zanpa, 28-31 kilometrokoa eta desnibel handiagokoa.
Urtero aldatzen dira ibilbideak.
J.Z.:Hala saiatzen gara urtero zerbait berria sartzen, eta ahal dela, lehengo bide zaharrak berreskuratuz. Helburu horrekin, Burdinolako Jose Luis Ugartek diseinatzen du bide motza, eta horren inguruan luzea osatzen dugu Izadikook.
Brinkola da abiapuntua eta amaiera. Zergatik?
J.A.:Brinkolara trenez iritsi daitezke mendizaleak, Aizkorriko atarian dago, 16 eta 31 kilometroko ibilbideak egiteko aukera ematen du, auzotarrek ondo hartu zuten proposamena…
J.Z.:Auzoari bizia emateko ondo zegoela esan ziguten Arriurdinekoek. Laguntza handia jaso dugu auzoan, beraiek gabe, ezingo zen egin Aizkorrin Barrena.