Segurako mapa toponimiko berria formatu digitalean banatuko dute
Herritarren partaidetza kontuan izango dute informazioa gehitu edo akatsak zuzentzeko. Interesa dutenek udaletxeko kultura sailera idatzi behar dute
Segurako mapa toponimiko berria aurkeztu dute. Gislan enpresak gidatu du proiektua, Eusko Jaurlaritzarekin, Segurako Udalarekin eta hainbat segurarrekin elkarlanean. Mapa berria 1/6.500 eskalan egin dute eta elementu desberdinak bildu dituzte bertan: auzoak, ibai eta errekak, tontorrak edota iturriak, besteak beste.
1998an egin zuten orain arte erabilgarri egon den mapa toponimikoa, formatu fisikoan soilik. Elementu berriak gehitzeaz gain, mapa berria formatu digitalean ere argitaratu dute. Eskuratu nahi duenak kultura@segura.eus helbidera idatzi behar du.
Udalak proiektuan lan egin duten herritarrei eskerrak eman dizkie, eta oraindik informazio toponimikorik izatekotan parte hartzeko deia egin die. Lekuren bati buruzko informazioa izanez gero, udalarekin jar daitezke harremanetan. Izan ere, informazioa zabaltzeko eta akatsak zuzentzeko balio dezake herritarren laguntzak: «Mapa toponimikoa ez da amaitzen den zerbait, toponimia oso zabala da», azaldu du Iosune Arrondo Segurako kultur teknikariak. Horrela, formatu digitala izanik, urtez urte berrituko dute mapa: «5-10 urteren buruan bide, iturri edo aurkikuntza berriak egon daitezke, eta horiek ere gehitzeko aukera egongo da».
Ane Garai Gislan enpresako arduradunak eta Jose Luis Ugarte Eusko Jaurlaritzako ordezkariak aurkeztu zieten landutako mapa berria herritarrei.
Bideak eta bidezidorrak
Segurako perimetro osoa hartzen du toponimoen mapak. Hau da, 9,2 kilometro karratu. Guztira, 165 baserri izen inguru zehaztu dituzte. Gainera, zortzi eraikin erlijiosoren izenak, bedereatzi ibai eta erreken izenak, bost iturri, bost tontor eta beste bost mendi izen bildu dituzte. Aurkikuntzak eta industria guneak ere zehaztu dituzte. Bestalde, errepide sarea eta hainbat ibilbide ere aurki daitezke mapan. Besteak beste, Gaztaren ibilbidea, Done Jakue bidea eta Segura-Santa Engrazia-Zerain-Segura ibilbidea. Izendegia Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean zehaztu badute ere, herritarrek erabilitako izenak gorde dituzte. Adibidez, San Andres auzoan Errastiolatza izena ere jarri dute, segurarrek izen horrekin ezagutzen baitute auzoa.
Herritarren laguntzarekin zabaldu eta onduko dute Segurako toponimoen mapa.