Urriaren 4an eta 5ean izango dira 'Losers' antzezlanaren saio berriak
Joan den igandean bertan behera geratu zen soinu arazoak izan zituztelako. Saio berriak Guraso Elkartean izango dira.
Joan den igandean, irailaren 20an, ‘Losers’ antzezlana eskaini behar zuten Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek Idiazabalgo elizan, baina akustika arazoak direla eta bertan behera geratu zen emanaldia. Sarrera duten guztiei saio berriak eskaini zaizkie; urriaren 4an eta 5ean izango dira, Guraso Elkartean, 18:30ean eta 20:30ean. Saioetara joaterik ez dutenei dirua itzuliko zaie udalarekin harremanetan jarrita.
Emanaldi bakoitzean 37 pertsona sartuko dira gehienez eta, beraz, izena eman behar dute ikusleek eguna aukeratzeko. Datorren astelehenetik aurrera zabalduko dute izen ematea, liburutegira deituta edo liburutegian bertan. Pertsona bakoitzak gehienez lau lagunen izena eman dezake eguna aukeratzeko. Emanaldi egunetan sarrerak jaso eta izen abizenak egiaztatuko dituzte.