Ekintzailetza soziala eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko programa abiaraziko dute Ordizian
Programa honetan saio teoriko praktikoak eta sustapen saioak egingo dira. Izen ematea zabalik dago.
Ekintzailetza soziala eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko programa abiatuko dute Ordizian, Udalaren, Biziolaren, Goierriko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sarearen eta Olatukoop sarearen arteko elkarlanari esker gauzatuko dena. Xehetasun guztiak emateko elkartu dira gaur, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea eta Naroa Elortza eta Andoni Mikelarena Biziola sareko kideak.
Aurkezpenean azaldu dutenez, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren testuinguruan azaleratu dira aurretik ere bazeuden hainbat krisi. Orain arteko garapen ereduak eta oinarrian dagoen sistema soziekonomikoak, 21. mendeko gizartea aurrez ia ikusi gabeko erronken aurrean kokatu duela eta, erronka horiei, inor atzean utzi gabe, erantzun nahi diete: zaintzak eta bereziki zahartzaroari dagozkionak; aldaketa klimatikoa; digitalizazioa; ekonomiaren dibertsifikazioa; eraldaketa feminista: eta lehen sektorearen birformulazioa, besteak beste.
Komunitatearen jarraikortasuna bermatuz, erronka konplexu hauei erantzuteko, ekintzailetza sozial eta kooperatioa eredu interesgarria izan daitekeela uste dute, eta horregatik jarriko dute programa hau martxan.
Formakuntza teoriko-praktikoa jasotzeaz gain, gaur egun beste herri zein eskualdeetan martxan dauden proiektuak ezagutzeko eta Goierrik etorkizunera begira dituen erronkei aurre egiteko tresnak barneratzen hasteko aukera bat bezala definitu dute programa.
Saio teoriko praktikoak eta sustapen saioak
Aurreratu dutenez, 6 saio teoriko praktiko egingo dira, eta horietarako izena eman beharko da, koopfabrika.eus/goierri helbidean. Urriaren 3an, larunbata, egingo dute lehen saio teoriko-praktikoa, Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta kooperatibismoaren oinarriak ardatz hartuta. Hurrengo datak eta landuko dituzten gaiak ondorengoak dira: Urriak 17, Tokiko garapen eraldatzailea, lurralde bizigarriak sortzeko bidea; urriak 31, Talde-kudeaketa eta antolaketa parte-hartzaile, inklusibo eta demokratikorako tresnak; azaroak 14, Ekonomia feminista eta ekintzailetza soziala aniztasunetik; azaroak 28, Harremanak, sare komunitateak eta marketin komunitarioa; eta abenduak 12, Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kooperatibo eta komunitarioetan. Ordiziako udaletxeko areto nagusian egingo dituzte saiook, 09:30etik 13:00etara.
Horrez gain, sustapen saioak ere egingo dira. Saio hauetan Goierrin Ekonomia Sozial Eraldatzailearekin garrantzia izan dezaketen gaiak landuko dira, eta gai batzuk zehaztu badira ere, proiektuan zehar sortutako interesezko gaien arabera egokituko dira: Urriak 6, Etxebizitza kooperatiboak; urriak 27, Elikadura burujabetzarantz, ikuspegi kooperatibotik; azaroak 10, Zaintzaren krisia eta erantzun kooperatiboa; abenduak 1, Kultura ikuspegi kooperatibo-komunitariotik. Saioak herritar guztiei irekita egongo dira. Formazioaz gain, Goierriko eragileak saretzea da helburua.