«Herriko jaiak herri izaera sortzeko egunak izaten dira»
Gaintzako San Migel jaiak ere bertan behera geratu dira. Gaur, San Migel egunean, Oroimenaren Eguna antolatu du udalak herrian bizi izan direnak oroitzeko.
Aurten ez dituzue Gaintzako San Migel jaiak ospatuko. Erabaki zaila izan al da?
Bai, Gaintza herri txikia da, herrigunea ere txikia da eta baserri asko sakabanatuta daude. Herriko jaiak herri izaera sortzeko eta kohesioa sortzeko izaten dira. Agian urte osoan elkar ikusten ez duten herritarrak daude, eta jaietan elkartzen dira. Horregatik, guretzat oso garrantzitsuak dira urtero antolatzen ditugun ekintza horiek, bai ‘sanjoanetan’, bai San Isidro egunean eta baita San Martin egunean ere.
Urteko ekitaldirik garrantzitsuenak jaiak izaten dira, ‘sanmigelak’. Hiruzpalau egun izaten dira gehienez, baina Gaintzako herritarrek emozio handiz bizitzen dituzte eta aurten pena handia dago antolatzeko aukerarik ez dugulako izan.
Nork antolatzen ditu San Migel festetako ekintzak?
Hiru talde izaten dira: udala, herritarrak eta Onbide elkartea. Onbidek jaietako igandean Gaintzako txirrindulari proba antolatzen du. Normalean lan egiteko modua hau izaten da: herritarrek jaiak proposatzen dituzte, udalarekin bilera egiten da eta hor ikusten dugu zer den bideragarria eta zer ez.
Giro herrikoia izaten da.
Bai, ‘sanmigelak’ sozializatzeko egunak izaten dira. Herri txikia da, baserri giroko herria izan da beti eta elkar ikusteko izaten dira. Ordiziako Azoka garai batean bezala, han elkartzen ziren artzainak eta baserritarrak, bada ‘sanmigeletan’ berdin.
Jairik ez duzue ospatuko, baina Oroimenaren Eguna egingo duzue gaur, San Migel egunean.
Bai, ekitaldi xume bat da, Gaintzako herritarretaz oroitzeko. Pandemia garaian pentsatzeko denbora asko izan dugu, bai udalak eta baita herritarrek ere. Detaile polita iruditu zaigu Gaintzan bizi izan den jendea oroitzeko ekitaldi bat sortzea. Gaintzan jaio direnak edo bertan lan egin dutenak, gaur tamalez gurekin ez daudenak oroitzeko.
Gaurko egunean egitea erabaki genuen, San Migel egunean, herriko zaindaria delako eta jaietako egun handia delako. Hori aprobetxatuz jendeak erantzun positiboa emateko esperantzarekin gaude.
Izena eman behar dute gaintzarrek. Bertso saioa eta kontzertu akustikoa egongo da.
Bai, dena den, bertan behera uzteko arriskua dago jendeak izena ematen ez badu eta animatzen ez bada. Beldurra badago.
Oroimenaren Eguna salbuespenezko eguna da ala hurrengo urtean ere egingo duzue?
Urtero egin daitezkeen jaien barruan sartu daitekeen eguna da. Beste toki batzuetan lore eskaintza egiten den bezala, Oroimenaren Egunean lore eskaintza egin daiteke edo antzerako ekintzaren bat. Aurtengo asmoa horrekin hastea da, eta gero lekuren bat prestatu daiteke lore eskaintza egiteko urtero. Aurtengoa herritarrek Eguna ongi onartzen duten ala gustoko duten ikusteko izango da.
Hurrengo ekintzak San Martin Egunekoak izango dira, azaroan. Antolatuko duzue zerbait?
Esanahi handiko eguna izaten da Gaintzan, baina bizi dugun egoera ikusita hori ere ezezko moduan dago oraingoz.