«Datorren urteko festak orain artekoak baino hobeak izango dira»
Orokorrean gertatzen ari den bezala, Altzagan ere bertan behera geratu dira San Migel egunaren bueltan ospatzen dituzten herriko festak. Keinu txiki bat baino ez dute egingo.
Aurten ez da San Migel festarik ospatuko Altzagan. Asko kosta zaizue erabakia hartzea?
Ekainean egin ohi dugu herriko festen inguruko lehen bilera, eta lehen momentutik nahiko garbi izan bagenuen ere, ez genuen baztertu abuztuaren ondoren, egoera nolakoa zen ikusi eta horren arabera, zerbait antolatzea. Baina abuztuaren bueltan, festei lotuta ekitaldiren bat antolatzeko baldintzak ez zirela betetzen, guztiz garbi izan zenuen.
Dena den, keinu txiki bat egin diezue festei, egun seinalatuak direla ez ahazteko edo.
Kalean ospatuko ez baditugu ere, zapia atera dugu. Beste urte batzuetan, kamisetak atera izan ditugu. Aurten ordea, zapia egin dugu. Nahiz eta aurten ez erabili, hurrengo urteetarako ere balioko du. Bestalde, bi zozketa antolatu ditugu. Batean, Altzagako Olagi sagardotegian lau pertsonentzako otordua zozkatuko dugu herritarren artean. Bestea, 14 urtetik beherako haurrei zuzendutako marrazki lehiaketan parte hartzen dutenen artean, Nafarroako Sendavivarako lau sarrera zozkatuko ditugu.
Nola ospatu izan dituzue festak beste urte batzuetan?
San Migel egunaren bueltan antolatzen ditugu. Egun hori astean zehar tokatzen bada, aurreko asteburuan edo hurrengoan ospatzen ditugu festak. Egitarauari dagokionez, ostiralean patata tortila lehiaketarekin hasteko ohitura dugu. Herritar ugari animatzen dira horretara. Larunbatean bazkari edo afari herrikoia egin ohi dugu. Txikienengan ere pentsatzen dugu eta haientzako puzgarriak ekartzen ditugu. Bertso saioa eta herri kirolak ere ez dira falta izaten egitarauan. Eta azkenik, sagardo dastaketa, hori izan ohi da jende gehien erakartzen duena.
Eta San Migel eguna nolakoa izaten da?
Egun horretan jubilatuentzako bazkaria antolatzen dugu elkartean. Bertsolariak ere izaten dira. Hori, aste barruko egunetan tokatzen bada. Asteburuan tokatzen bada, bazkari herrikoira batzen dira haiek ere.
Zuk zein ekitaldi edo egun nahiago duzu?
Iaz, ekitaldi guztietan egotea tokatu zitzaidan eta oso gustura ibili nintzen, asko disfrutatu nuen. Zaila da batekin gelditzea. Ostiralean, herriko jendea izaten da gehiago. Larunbatean, haurrentzako puzgarriak ekartzen ditugunez, jendez betetzen da herria. Gutxitan ikusten dugu Altzagan hainbeste jende. Igandeko sagardo dastaketan ere berdina gertatzen da. Inguruko herrietatik ere gerturatzen dela jendea eta asko gustatzen zait.
Bat aukeratzekotan, larunbata esango nuke. Egun horretan bazkari edo afari herrikoia egin ohi dugulako, eta gauerako, kontzerturen bat ere antolatu izan dugulako.
Herritarrek nola erantzuten dute? Parte hartzen dute?
Eguraldiak asko baldintzatzen du horretan, baina orokorrean herritar asko animatzen dira modu batean edo bestean parte hartzera, batik bat, patata tortila lehiaketan eta bazkarian.
San Migel festez gain, urtean zehar beste festa egunik baduzue?
Altzagarateko festak dira aipagarriak. Maiatzean ospatzen ditugu. Aurten baina, bertan behera geratu ziren, konfinamenduan geundelako.
Eta ekaina bukaeran edo uztaila hasieran, jubilatuen irteera egiten da, Aramako herritarrekin batera. Egun horren antolakuntza txandaka egiten dugu. Aurten, altzagarrei zegokigun antolakuntza, baina ekitaldi hori ere bertan behera uztea erabaki genuen.
Bukatzeko, festarik gabeko urte honetan, zein mezu bidaliko zenieke herritarrei?
Ba iritsiko direla datorren urteko festak, gogotsu hartuko ditugula, eta orain artekoak baino hobeak izango dira. Orain, egoera hobetzeko indarra egiteko eta erantzukizunez jokatzeko unea da, eta guztiok elkar zaindu beharrean gaude.