Eskola Kiroleko entrenamenduak bihar has ditzakete ikastetxeek
Lehiaketarik ez da antolatuko urtean geratzen den denboran. Ikastetxe bakoitza bere erritmora hasiko da. Burbuila taldeak mantenduko dituzte Eskola Kirolean
Irailaren 7an hasitako 2020-2021 ikasturtearen ezohikotasun zerrenda luzean, Eskola Kirolarena izango da aurten beste berritasun bat. Orain arte ezagutu gabeko eran antolatu dute haurrek eskolako orduetatik kanpora kirola egin dezaten bultzatzen duen sistema. Lehiaketarik eta partidarik ez da izango, ez ikastetxeen artean, ez herri batetik bestera mugituta.
Martxan jarri ahalko dira, hala eta guztiz. Bihartik aurrera hasi ahalko dituzte ikastetxeek entrenamenduak, arau eta baldintza zorrotzak beteta, beti ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak arautzen du Eskola Kirolaren jarduera, eta programa arautzen duen agindua ekainaren 24an atera zuen. COVID-19aren bilakaeraren pentzura utzita, ordea. Izurritearen udako zabaltze-joera ikusita, irailaren 14an hainbat murrizpen eta arau erabaki zituen.
Tokian tokiko errealitatearen eta egoeraren arabera dago Eskola Kirola hastea ala ez hastea. Goierriko ikastetxeen izenean arlo hori kudeatzen duten ordezkariek astelehenean izan zuten bailara behealdeko ohiko bilera, eta ikastetxe gehienetan entrenamendu saioekin hastea aurreikusi dute. Bihartik aurrera hasi ahalko dira prestaketa saioak, bakoitzak bere erritmora.
Horrek ez du esan nahi denetan hasiko denik. Ikastetxeren baten edo besteren kasuan zalantzak sortu dira, eta horiek oraingoz ez diote ekingo. «Herri bakoitzean errealitate desberdina dugu [koronabirusarena], eta herri baten barruan ikastetxe bat baino gehiago daudenetan ere egoera diferentea daukate. Goierriko ordezkarien artean hori azaldu zen: bakoitzak egoera ezberdina duela», azaldu du Eskola Kiroleko begirale batek.
Ohiko kirol programa ere ez da mantenduko. Orain arte, Gabonak arte saskibaloia landu ohi zuten; orain, beste mota bateko jokoekin eta ariketekin hasiko dira, ahal den material eta kontaktu gutxiena erabiltzeko.
Burbuila taldeetan
Eskola Kirolak ofizialki 16 urte arterainoko gaztetxoen jarduera hartzen du bere gain, baina ikastetxeetako antolamendua 12 urte artekoetara arte heltzen da, Lehen Hezkuntza bukatu arte. Hortik aurrera, elkarteen eta kluben esku geratzen da kirol aktibitatea, bakoitzaren eskolen barruan.
Hala, Eskola Kirolean lehiaketarik ez da izango, gutxienez abenduaren hondarrera arte. Urtarriletik aurrera, legokeen egoeraren eta hartzen diren erabakien baitan geldituko da.
Infantilek, aldiz, urriaren erdi aldera has dezakete lehiaketa denboraldia (DBH 1-2koak), bakoitzari dagokion kirol eskolarekin eta klubek kudeatuta. Horietako batzuen entrenamenduak hasita daude.
12 urtera artekoen kasuan, hainbat arau bete beharko dira, distantzia eta maskararen erabilerari dagozkionak. Behinena, ordea, burbuila taldeena da. Ikastetxean bezalaxe, ikasle bakoitzak dagokion bizikidetza edo burbuila taldean gela edo ikasmaila egin beharko ditu entrenamenduak.
Bestetik, talde horiek gehienez 15 lagunekoak izatea aholkatu diete. Ratioen arteko kontraesan nabarmena azaleratu da hor: hezkuntza sisteman, ikastetxeetan bizikidetza talde itxia normalean ikasle gehiagokoa delako, 24ko gelak ere bai baitaude.
«Eskola kirolean burbuila mantentzearekin denok gaude ados, saiatuko gara eta hala egingo dugu. Baina, bestetik, kirol eskoletan gero ez dago halako ezer. Gelak, mailak eta herri askotakoak elkartzen ari dira. Orduan, izugarrizko kontraesana dago hor ere», dio begirale batek.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundien arteko arau eta egutegi desberdintasunak bateratu beharra ere galdegin dute kirol hezitzaileek.
Kirola egitearen onura
Guztiaren gainetik, haurrengan kirola egiteak daukan garrantzia nabarmendu dute Eskola Kiroleko eragileek, eta entrenamenduekin bakarrik bada ere, hasteko aukera onuratzat jo dute.
Haurrak «osasuntsu hazteko, harremanak egiten ikasteko, heziketa izateko, kirol kultura ezagutzeko, euskara ikasteko eta hainbat balio eskuratzeko» balio du Eskola Kirolak, Gipuzkoako aldundiaren arabera; «emozioz betetako mundu bat ere bada».
Asteburuetako partidatxorik eta bidaiarik gabe bada ere, kirola egiten ikasteko aukera izango dute Goierriko neska-mutilek, bihartik aurrera.