Urretxuko gobernu taldeak agintaldi honetako plana aurkeztu du
Helburua hurrengo belaunaldiei lana, etxebizitzak eta gizarte zerbitzuak eskaintzea da. Jose Mari plaza eta ingurua zaharberrituko dira eta Aspacek egoitza berria izango du
Urretxuko gobernu taldeak (EAJ) legealdi honetako plana aurkeztu du. Helburua hurrengo belaunaldiei lana, etxebizitzak eta gizarte zerbitzuak eskaintzea da.
Pandemiak Urretxun ere eragina izan du, noski. Martxoan langabezi tasa %9,2koa zen eta abuztuan %11,4koa: 374 pertsona. Beste 38k aldi baterako enplegu erregulazio espedientea dute. Legealdi plana egoera hau iraultzen saiatuko da. Horretarako, udalak Irimon, Sarralden eta Kaminpen industria jarduera bultzatzen saiatuko da. Bestalde, merkataritza biziberritzeko planaren bitartez, herriko merkatariei lagunduko die. Gainera, alde zaharra suspertzen jarraituko du.
Lehen sektorea
Lehen sektoreari dagokionez, Bertatik Bertara egitasmoa lagunduko du, Iturbe Beheko baserriaren ondoan dagoen 80.800 metro koadroko lursail bat lehen sektorera bideratuko du eta Santa Barbaran hobekuntzak egingo ditu.
Ogasun arloan, gobernu taldeak tasak eta zergak izozteko asmoa du. Hala ere, pilatutako soberakinari eta gainontzeko erakundeen diru-laguntzei esker, egitasmo garrantzitsuenak aurrera ateratzeko asmoa du: Jose Mari Lasa eta bere ingurua zaharberritzea, Aspaceren egoitza berria, Aparizioko errotonda berria, haur parkeen zaharberritzea, Lilibaso-Gainzabaleko etxebizitza sozialak (eraikuntza lanak datorren urtean hastea espero dute)…
Hirigintzarekin lotuta, gobernu taldeko kideek Hirigintza Planaren behin betiko onarpena datorren urteko uda baino lehen izatea espero dute.
Ingurumenari dagokionez, Irimo mendiaren biodibertsitatea zainduko dute. Horretarako, plan bat onartu dute, Santa Kutz inguruan 45.000 metro koadroko lursaila erosi dute eta bertako espezieak landatzen jarraitu behar dute. Horretaz gain, argiteria aldatzen jarraituko dute (institutuko igoeran, Basagastin, bidegorrian eta Areizagan), gaikako zabor bilketa bultzatzen jarraituko dute eta goiko eta beheko auzoak igogailu bidez lotu nahi dituzte (Labeaga Sorginzulo eta Basagastirekin eta Basagasti Mundo Mejorrekin).