Gehienez lau lagun sartuko dira boulder aretoan
Segurako Udalak eskalatzaileek bete beharreko arauak zehaztu ditu. Eskalatzen hasi aurretik magnesio likidoa eman beharko dute eskuetan.
Osasun egoera dela eta, Segurako boulder aretoaren erabilerarako arauak zehaztu ditu Segurako Udalak. Sarreran gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu beharko dituzte eskalatzaileek, eta eskalatzen hasi aurretik magnesio likidoa eman beharko dute.
Gehienez lau lagun sartuko dira aldi berean aretora, aurretik udaletxean izena emanda norberaren datu eta kontu zenbakiarekin. Urteko kuota 50 eurokoa izango da erabiltzaileko eta datorren urteko urtarrilean hasiko dira kobratzen. Ordua hartzeko sistema jarriko dute jendea pilatzen bada.