Ondarearen Europako Jardunaldiak, hezkuntza ardatz hartuta
Hezkuntza erakundeek sortu duten ondare materiala eta immateriala nabarmenduko da. Erakusketak daude Beasainen eta Ordizian. Asteburuan Legazpin egingo dute
Urria Ondarearen Europako Jardunaldien hilabetea da, nahiz eta egitaraua irailean hasi zen eta azken ekintzak azaroan izango diren. Guztiek, hezkuntza izango dute ardatz aurtengoan. Izan ere, Ondarea eta hezkuntza da bosgarren ediziorako Europako Kontseiluak hautatutako leloa. «Jardunaldi hauek helburu bikoitza dute: batetik, ondarearen inguruko transmisioak, hedapenak eta hezkuntzak ondarea kontserbatzeko duten garrantzia azpimarratu nahi da; horrela, herritarrek ondarea eskuratu, gozatu eta gorde dezaten eta etorkizuneko belaunaldiei transmititu diezaieten. Eta, bestetik, mota guztietako hezkuntza erakundeek sortu duten ondare materiala eta immateriala nabarmendu nahi da», azaldu du Harkaitz Millan Etxezarreta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuko Gipuzkoako Foru Diputatuak.
Goierrin, denera, hogei ekintza baino gehiago egingo dira. Horietako batzuk, jada, abian dira. Esaterako, Beasaingo Igartza Jauregian Beasaingo hezkuntzaren hastapenak eta bilakaera erakusketa ikusgai dago; eta, Ordizian, D’elikatuz Zentroan, Ordiziako irakaskuntzari begirada bat erakusketa dago. Biak urriaren 18ra arte egongo dira zabalik. Erakusketen funtsa tokian tokiko egoera sozialaren, politikoaren eta ekonomikoaren garapena islatzea da. Horretarako, argazkiak eta garaian garaiko materiala egongo da ikusgai. Bi erakusketetarako sarrea doakoa da, baina edukiera arazoak ekiditeko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen da: Igartzako harremanetarako telefonoa 943 08 77 98 da eta D’elikatuz Zentrokoa, 943 88 33 90.
Idiazabalen ere datozen egunetan egunetan estreinatuko dute Hezkuntza erakusleihoetan erakusketa. Herrigune osoan barreiatutako erakusketa izango da: 1885. urtetik gaur egungo Herri Eskolara arteko bidea errepasatuko dute. Sarrera doakoa izango da.
Legazpin igandean egingo dute txangoa, goizean zehar. Langileen ibilbidearen barruan 1950. hamarkadan kokatutako eskola ikusgai dago urte osoan, eta hori baliatuta, jardunaldietan parte hartuko dute. «Arbelatxoak, ikasmahaiak, entziklopediak… garaiko materiala aztertuz gizartea nola aldatu den aztertuko dugu, neskak eta mutilak eskola desberdinetan ikasten zutela, zigorrak, erligioak eta aiton amonen jolasak ezagutuko ditugu besteak beste. Txiki eta helduengan jakin-mina piztu eta belaunaldien arteko harremana sortuarazten saiatu gara», diote Lenbur fundaziotik. Beraiek dira antolatzaileak. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta aurrez izena eman behar da. 943 73 04 28 telefonora deitu behar da eta hiru euroko prezioa du. Egun bakarreko ekitaldia izango da.
Sarean ere bai
Legazpikoa ez da asteburuko ekintza bakarra izango, bezperan, Igartzako Monumentu Multzoan, Igartza bizi bisita gidatu antzeztua egingo baitute. Bisitarien arteko distantziak une oro mantentzeko zailtasunak medio, bisita ezingo da bertatik bertara jarraitu. Ahatik, grabatu egingo dute eta Beasaingo Udalaren youtubeko kanalean zintzilikatuko dute.
Ondarea klik batean argazki lehiaketa ere zabalik dago. Hezkuntza ondarea islatzen duten argazkiak sare sozialetara igo behar dira #ondareagipuzkoa20 eta #igerrak_ondareagipuzkoa20 traolekin.
Ondarea eta Hezkuntza
ZABALIK
· Beasain. Beasaingo hezkuntzaren hastapenak eta bilakaera erakusketa, Igartzako Jauregian. Doan.
· Ordizia. Ordiziako irakaskuntzari begirada baterakusketa, D’elikatuz Zentroan. Doan.
· Idiazabal. Hezkuntza erakusleihoetan erakusketa, Idiazabalgo herrigunean. Doan.
· Goierri. ‘Ondarea klik batean’ lehiaketa, Goierri osoan. Doan.LARUNBATEAN
· Beasain. Igartza bizibisita gidatu antzeztua, Igartzako Monumentu Multzoan. Online bidez.
IGANDEAN
· Legazpi. Gure aiton-amonen garaiko eskola tailerra, goiz osoan zehar. Hiru euro.