Hiru eguneko Sagardo Astea
Dolarea martxan jarriko dute beste behin. 'Karmakros' antzerki taldeak antzezlana eskainiko du. Sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko
Asteburuan dolarea martxan ikusteko aukera izango dute Igartubeiti Baserri Museoko bisitariek, urriaren 10etik 12ra bitartean Sagardo Astea ospatuko baitute museoan. Beste hainbat ekimenen antzera, aurtengo Sagardo Astea ere desberdina izango da osasun egoera dela eta. Astebeteko egitaraua izaten da, baina aurten hiru egunetan antolatu dituzte ekintzak. Sarrera guztiak agortuta daude.
Urriaren 10ean, 11n eta 12an, eguerdiko 12:00etan jarriko dute martxan baserriko dolare zaharra. Aukera bakarra da horrelako esperientzia bat bizitzeko, Sagardo Astean soilik astintzen baitute. Duela 500 urte sagardoa egiteko erabiltzen zuten teknika bera ikusi eta sagarraren ondareaz gozatuko dute bisitariek.
Horrez gain, 10:15ean, 11:00etan eta 13:00etan antzezpenak izango dira. Urretxuko eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak XVII. mendeko bizimodua islatuko du antzezlan baten bitartez. Hain zuzen ere, garai hartan Igartubeiti baserrian bizi izandako Kortabarria familia izango da protagonista. Dagoeneko sarrera eskuratu dutenek autoz edo oinez joan beharko dute baserrira, pandemia egoera dela-eta ez baitute autobus zerbitzurik eskaini. Aurtengo Sagardo Astea soilagoa eta lasaiagoa izango da beraz.
Dantzagunea
Igartubeiti Baserri Museoko hurrengo ekintza urriaren 24an izango da, Ondarearen Europa Jardunaldien harira. Dantzaguneak eta Igartubeitik elkarlanean antolatu duten dantza ikuskizuna egongo da baserriko dolarean bertan. Dantzaren sorkuntza eta formazioa sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzua da Dantzagunea, 2009. urtean sortua.
Edukiera murriztuko dute eta, beraz, izena eman behar dute interesa dutenek, aldez aurretik museora telefonoz deituta edo posta elektronikora idatzita. Ikusle guztiek gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dituzte eskuak ikuskizunaren aurretik, eta maskara jantzita eramango dute. Ordubeteko emanaldia izango da, 17:00etatik 18:00etara, baina orduerdi lehenago bertan izatea derrigorrezkoa da segurtasun neurriak direla eta.