«Illati taberna estimatua dutela adierazi didate zaldibiarrek»
Zaldibiarrek festarik gabeko urriaren 6a izan dute. Illatiko Maixabel Urkolak (Zaldibia, 1968) bezperako giroaren falta sumatu du. Mondejuak egiten ari da, berritasun eta guzti.
Santa Fe eguna da nola pasatuko duzu?
Lanean. Gaurko egunez beti bezala ez, baina lanean bai behintzat. Ohiko martxa izango dugu; eguneko menua ematen dugu, eta irekitzerako bazkaria aurreratzea gustatzen zait. Terraza muntatu, taberna hamaiketan ireki, eta lanean segi.
Bestetan zer martxa izaten da?
Santa Fe normala denean, bezperan goizaldera arte hemen aritzen gara. Egunik onena izaten da bezpera, hasiera. Festak leku guztietan daude jaitsita, baina politak izaten dira Zaldibian.
Zer sentsazio eragiten dizu, zaldibiar bezala, ez ospatzeak?
Tristura ematen du. Jendea beldurrez dago. Taberna arloa, gai honetan, pelikulako gaiztoak bagina bezala jarri gaituzte. Gazteak errazago egokitu dira, baina helduxeagoak direnek kezka eta zalantza asko dauzkate. Beldurra dagoela sumatzen dut.
Festetako egunik onena bezpera da zuretzat?
Urriaren 5ean iluntzean hasi ohi dira festak, eta gau hori ikaragarri polita izaten da: dena herriko jendea, giro ona… Aste egunean tokatzen denean, gainera, normalean herritarrek jai hartzen dute, eta bezperan giro ederra egoten da, goizaldera arte. Aurreneko eguna da, eta gogoarekin egoten da jendea. Aurten, berriz, 23:00etan ez zegoen katurik hemen, inor ez. Ez dago ba, ea datorren urterako…
Noiztik zara Illatin tabernari?
2006tik. Urtebetean itxita eduki dut, gainera. Eroriko batean hanka hautsi nuen, eta urtebete egon da itxita, maiatzaren 26tik ekainaren 1era. Ez da garai onena agian berriz irekitzeko, baina hasi eta segitu egin behar da. Urtebete geldi egonda gero, hasteko izugarrizko gogoarekin nengoen. Honi ere aurre egin beharko diogu, ez dago besterik.
Illati taberna historikoa da.
Bai, aspaldikoa da, betidanikoa. 50 bat urte inguru izango dira ireki zutela. Zaldibiarrek sumatu dute falta itxita egon den bitartean, eta taberna estimatua dutela transmititu didate: telefono deiak, bisitak, zenbat bertso kantatu didaten… Horrek indarra ematen du, egia da hori.
Festak ez egiteak ekonomikoki ere kaltea suposatuko du, ezta?
Bai, beti. Festetan lan gehixeago egiten da besteetan baino. Azken batean, nahi genukeena da birus agerraldirik gabe pasatzea. Orduan, txapeldun. Aurtengoa horrela hartu beharko dugu. Neroni urtebetean geldirik egon naiz, eta ezer ez dela pasatzen konturatu naiz. Horrela hartu behar da. Kontu honekin, beste era batera lan egin beharko dugu. Lan gehiago dela egia da, eta etekina gutxiago ateratzen da. Baina hor gabiltza, eta gauza okerragoak badaude.
Zu festazalea al zara berez?
Bai. Zaldibiarra izanda, asko gustatzen zaizkit jaiak. Egia esango dizut: nik mostradore barruan asko disfrutatzen dut, ikaragarri, nahiz eta lanean aritu. Bestela ez nintzatekeen hemen egongo. Gazteak gustura eduki, beraiek nahi duten musika jarri, saltsa horretan pixka bat sartu… Niri hori gustatzen zait. Behin sukaldeko lanak bukatu eta mostradorera ateratzen naizenean, normaleko egoeran, gaueko parrandatxo hori niretzat ez da lana. Gozatu egiten dut orduan. Momentu honetan gaueko giro eta juergatxo hori asko sumatzen dut faltan; 01:00etarako alde egin beharra daukagu, eta ezin da gaur egun.
Tabernari izanda, aukera gutxi izango duzu jaietara irteteko?
Batere ez. Iaz, taberna itxita neukan, eta Ardiki Egunean aurreneko aldiz etorri nintzen festa ikustera eta antzokian bazkaltzera. Zoragarria izan zen. 13 urtean aurreneko aldiz disfrutatu nuen, eta ikaragarri gustatu zitzaidan.
Mondeju garaia ere bada. Illati da dastaleku handietako bat.
Hasi gara egiten eta saltzen. Geuk egiten ditugu. Ardiki Egunean sariak aterata badauzkagu. Guk igandean ixten dugu, asteko atseden egun bezala; eta igandeetako plana mondejuak egitea izaten da, denboraldian.
Lantokia itxi, lana egiteko?
Bai, baina denboraldia hau da. San Migeletarako egin genituen lehenak. Besteetan ere horrela moduz hasten gara, festa aurreko egunetan. Abendura arte, Eguberri aurre aldera arte izaten da denboraldia. Gero ardi gixatuarekin, ardi zezinarekin segitzen dugu. Negu partean jaki horiekin lan egiten dugu.
Ardiak etxean dauzkazue?
Anaiak dauzka. Gure baserrian beti izan da ganadua. Geuk etxean ez daukagu ezer, baina anaiak dauzka. Orain arte gurasoek egiten zuten; aita hil zen, eta anaiak segitzen du. Produktua etxekoa da, benetako zero-kilometroa.
Berritasuna ere atera duzu orain: mondeju kroketak.
Bai, egoerak bultzatuta edo ez dakit zergatik hasi naizen, eta arrakasta ikaragarria izan dute. Neronek ere ezin dut sinistu jendeak nola hartu duen. Neure ideia izan zen. Mondejua, azken batean, hor geratzen da, eta ea zerbait zabaldu edo ezagutzera ematerik zegoen hasi nintzen; hemen eta inguruan agian bai, baina kanpoan ez da asko ezagutzen mondeju zuria. Kroketa formatua aukera bat izan zitekeela iruditu zitzaidan. Bexamela egin, eta horri mondeju gaia eransten diot. Aurreneko aldia da kroketan mondejua sartu dena, nik dakidala.
Eta gustatu zaizkio jendeari?
Etxekoek onak zeudela esaten zuten, eta inguruko jendeari probatzeko ematen hasi nintzen. «Oso onak daude», esaten zidaten. Orain mondejuak bakarrik ez, kroketa egin eta kroketa egin ari naiz. Lan asko da, baina atsegina ematen du ederrak daudela entzuteak, segitzeko ere. Etxean frijitzeko ere eramaten dituzte. Izugarrizko poza ematen dit niri horrek.