‘Ongi etorri eskolara’ proiektua abiarazi dute Ordizian bigarrenez
Jatorria beste herrialde batzuetan duten familiak eta familia euskaldunak elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko helburuarekin abiarazi zuten iaz proiektua Ordizian
Ordizian «kulturarteko harremanak bultzatzeko» proiektua da Ongi Etorri Eskolara, eta bigarrenez abiaraziko dute, Adur Ezenarrok egitasmoaren aurkezpenean esan duenez orain arteko «esperientzia oso ona» izan delako. Proiektuaren inguruko xehetasunak emateko alkatearekin batera egon ziren Oier Gabiria proiektuaren kudeatzailea, eta iazko esperientzian parte hartu zuten bi familietako kideak, Mohamed Benzine eta Iñaki Garmendia.
Helburua da, «eskolan izena ematen duten eta beste herrialde eta erkidegoetatik Ordiziara etortzen diren familiei laguntza ematea». Kultura arteko eredu pedagogikotik, eta eskola komunitate osoaren inplikazioaren bidez eskolan aniztasun kulturala eta honek sortzen dituen abantailak lantzeko xedearekin abiarazi dute egitasmoa, beste behin ere. Iazkoan, 40 familiak parte hartu zuten.
Ordizian proiektua kudeatuko du Gabiriak eta hark esandakoaren arabera, «kulturartekotasuna lantzen du proiektuak, bai ikastetxeetan haurrekin, irakasleekin eta familiekin lan eginez, eta baita komunitatean herriko elkarte, eragile eta hainbat pertsonekin lan eginez». Honela, «bizikidetza egoki bat eraikitzeko bidean, kulturartekotasuna lantzeko tresnak eraikitzen ditugu, kulturarteko harremanak sustatu, jarduerak bultzatu eta sareak ehuntzen ditugu».
Lau helburu
Gabiriak esan du proiektuak lau helburu dituela: «Ikastetxeetan izena eman duten eta jatorria beste herrialde batean duten familiei sostengua ematea; kulturarteko eredu pedagogiko baten bitartez ikastetxeetan kultura desberdinen ezagutza eta hauei balioa emateko lana txertatzea; ikastetxera beste lurraldetatik datozen familien artean euskara eta euskal kultura sustatzea; eta eskolan egiten den kulturarteko lanketa eremu komunitariora eramatea». Honela, lanketa lau fasetako prozesu batean garatzen dela azaldu: «Ikerketa, sentsibilizazioa, esku-hartzea eta ebaluaketa».
Familia laguna
Alkateak esan bezala iaz 40 familiek parte hartu zuten proiektu honen barruan garatzen den Familia laguna programa eta horren barruan, «familien arteko harremanak sustatzen dira». Horretarako, bi familia elkar aurkezten dira; jatorria beste herrialde batean duen familia bat eta familia euskaldun bat. Adin bereko seme-alabak dituzten familiak jarriko dira harremanetan jartzen dituztenak.
Programa horretan parte hartu duten pertsonen hitzetan, «esperientzia oso polita eta aberasgarria izaten ari da, eskolan batera dabiltzan haurren gurasoak ezagututa, elkarbizitza hobea izatea ahalbidetzen baitu».