Ordiziarrock jaialdia, urriaren 23 eta 24an
Ordiziarrock Ekintzak taldeak rock jaialdiaren edizio berria iragarri du. Zea Mays, Kokein, Viva Belgrado eta Sua taldeak ariko dira, besteak beste.
Zailtasunak zailtasun, Ordiziarrock jaialdia egingo dute aurten ere. Ordiziarrock Ekintzak taldeak jakinarazi berri duenez, urriaren 23 eta 24an egingo dituzte kontzertuak, Jakintza Ikastolako patioan. Zea Mays, Kokein, Viva Belgrado, Sua eta Dupla taldeak ariko dira, besteak beste. Bi egunetan banatuta, eta COVID-19ak eskatzen dituen neurrietara egokituta egingo dituzte emanaldiak.
Ostiralean, hilak 23, Viva Belgrado eta Sua ariko dira, 19:30etik aurrera. DJ Monkey Man ere ariko da musika jartzen. Larunbatean berriz, hilaren 24arekin, Zea Mays, Kokein eta Dupla taldeen txanda izango da. 18:00etatik aurrera joko dute, hauek ere, ikastolako patioan. Antolakuntzak jakinarazi duenez, laster jarriko dituzte sarrerak salgai.