Ordiziako mendi maratoi erdia igandean jokatuko da 200 inguru partaiderekin
Larraiztik 09:00etan abiatuko dira lasterkariak eta 20,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Larraitz eta Igaratza artean. Irteeratik 30naka aterako dira, bi minutuko aldearekin
Astea euritsu joan bada ere, astebururako argitzera joko duela, eta horren zain daude hain zuzen ere, Ordiziako Mendi Maratoi Erdiko antolatzaileak. Probaren inguruko xehetasun guztiak emateko elkartu dira Txindokira begira, Larraitzen.
Igandean 09:00etan abiatuko dira lehen korrikalariak eta 20,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Larraitz eta Igaratzara joan-etorrian. Lasterketa hau, duela hiru urte antolatu zen lehenengoz, Ordiziako hiribilduaren 750. urteurrenaren bueltan. Lehengo hura taldeka jokatu zen eta mendi maratoia izan zen. 750. urteurrenaz gain, izan zen beste urteurren bat ere. Izan ere, 2018an, 50 urte bete ziren, Juanito Rubiok eta Jose Inazio Eskisabelek elkarri desafioa bota ondoren, Larraiztik abiatu eta San Migelera joan-etorria egin zutela, 42 kilometro. «Gazteak ginen, eta burugogor xamarrak», esan du Rubiok irribartsu. 21 urte zituen orduan. Duela bi urte, 1968an egindakoaren oroimenezkoan parte hartu zuen Rubiok berak, 71 urterekin. Harekin batera taldean joan ziren alaba Izaro rubio eta biloba. «Emozio handiko eguna izan zen».
Aurten, parte hartzeko gogoa ez zaio falta, eta egingo du, baina korrikan ez, antolakuntza lanetan baizik. Nabarmendu du, «igandekoa egun polita izango» dela, «oroitzapenez betea».
200 lasterkari inguru
Odilo Rivela antolakuntzako kideak, esan du ibilbidea ez dela oso teknikoa, lehen zatia dela desnibel handiena duena, baina aurrerago, nahiko laua dela, korrika egiteko aproposa, alegia. Belardi eremuak ere badaudela, beraz, korrikalarientzat inpaktu gutxiko lurra dela. Dena den, eguraldiaren arabera, kontuz ibili beharko dutela, zati batzuetan, Txindokiko jaitsieran batez ere, harriak daudelako eta irrist egin daitekeelako.
Partaideak, «200 inguru» eta irteeratik «30eko taldetan abiatuko dira, bi minutuko aldearekin abiatuko dira». Gizonen artean faborito dira, Santi Apaz, Iñaki Olano, David Cid, Igor Manzisidor, Adur Mendizabal edo Sergio eta Ander Serrano, besteak beste. Emakumeen artean berriz, Irati Zubizarreta, Laida Elizegi, Irati Larrañaga eta Garazi San Pedro, beste batzuen artean. Dena den, sorpresak izan daitezkeela ere esan du Rivelak.
Korrikalari guztiek, «musukoa jantzita eraman beharko dute, baina lasterketa hasi bezain laster kendu ahal izango dute eta lasterketa bukatzerakoan jantziko dute berriro». Anoa postuetara iristean ere jantzi beharko dute musukoa, edan eta jatekoak hartzeko kendu eta segurtasun distantziak gordetzea derrigorrezkoa izango da. Korrikalari guztiei tenperatura hartuko zaie eta norbaitek 37 gradutik gora ematen badu, ez zaio parte hartzen utziko.
Ordiziako Udaleko kirol zinegotzia Jon Ander Caballerok esan duenez, «ahalegin handia» egin dute «gaur egungo egoera honetan lasterketa aurrera ateratzeko». Abaltzisketako alkatearen hitzetan lasterketarekin aurrera jarraitzeak «garrantzia handia» du: «Guztiok dakigu zein egoeratan gauden, urte tristea izaten ari da, ekitaldiak bata bestearen atzetik bertan behera geratu dira. Lasterketa honen antolakuntzak baina aurrera egitea erabaki duenez, guk ere babesa emango diegu». Bai Ordiziako eta bai Abaltzisketako ordezkariek gogorarazi dute «inoiz baino garrantzitsuagoa dela antolakuntzak emandako jarraibide guztiak betetzea».