Historiaren berri emateko lanak
Azpilako gotorlekuaren eta Lazkanotarren jauntxoaren hilketaren berri eman du Rafa Berasategik azken maketen bidez. Seguraren inguruko 12. eta 13. maketak dira.
Segurako historiaren inguruko 12. eta 13. maketak egin ditu Rafa Berasategi segurarrak. Erraztiolatza museoan daude ikusgai eta bi une historikori egiten die erreferentzia: Azpilako tontorrean zegoen gotorlekuari eta Lazkanotarren jauntxoaren hilketari.
Berasategik azaldu du «esanahi historikoa» dutela maketek eta egindako aurkikuntza batean oinarrituta daudela. Alde batetik, Azpilako tontorrean gotorleku bat egon zela aurkitu dute. Antton Arrieta ikerlariak egindako ikerketan zehaztu dute Seguran, Tolosan, Arrasaten, Hondarribian, Donostian, Getarian eta Mutrikun gotorlekuak zeudela: «Lehenengo aipamena 1366an Nafarroako eta Gaztelako erregeek egindako Libourneko itunean da».
Horri jarraika, Segurako artxibo zaharrean salmenta dokumentu bat aurkitu zuen Arrietak. Horren arabera, Juan Perez de Larraiztegi Segurako bikarioa eta Doña Mayora de Zumarraga, Juan Perez de Urbizuren alarguna, gotorlekuaren jabe ziren, eta Segurako kontzejuari saldu zioten urrezko 60 koronaren truke harresia egiteko.Segura sortu aurreko gotorlekua zen hura: «Segura sortu aurretik Idiazabal mendi gainetik eta Santa Barbara aldetik bide bat zegoen, eta hori zaintzeko zen gotorlekua; Segura sortzean, beheko bidea egin eta goikoa erabiltzeari utzi zioten», azaldu du Berasategik. Gotorlekuaren aztarnarik ez da gelditzen, ordea: «XX. mende hasieran tontorra hustu zuten harrobi bat egiteko eta bertako harri guztiak erabili zituzten». Garaiko lau gotorleku daude Goierrin azken aurkikuntzarekin: Ausa-Gaztelun, Ataunen, San Adrianen eta Seguran.
Jauntxoaren hilketa
Bestetik, 13. maketak Lazkanotarren jauntxoaren hilketaren berri ematen du. 1470an izan zen Segurako ermita aldeko sarreran. Antonio Prada historialari zumarragarrak aurkitu zuen Iruñeako eliz artxiboan. «Gorosabel Tolosako ikerlari eta politikoa izandakoak idatzi zuen horri buruz. Baina informazioa nahastuta dago», esan du Berasategik. Tropak gerturatzen Zeraindik ikusi zituztela zioen, baina Seguratik izan zen, «Zerain izeneko dorretik». Errebaletik defendatu zirela ere aipatzen du Gorosabelek, baina Berasategik dio ez dela zuzena: «Harresiak defendatzeko ziren, eta errebaleko jendea arriskuan zegoenean harresira sartzen zen babesteko, ez kanpotik».
Beraz, harresitik bertatik bota zuten Lazkanotarren jauntxoa hil zuen gezia: «Pradak aurkitutako dokumentuak dio hori gertatu ondoren izugarrizko festa izan zela herrian, eta elizak baimena eman ziola kontzejuari gezia bota zuenaren etxean gurutze bat jartzeko». Maketan etxea sutan agertzen da: «Gurutze bat eraiki zuten, eta horrek esan nahi du etxe hura suntsitu zutela jauntxoek eta soldaduek». Gurutze horrek 1802a arte iraun zuen, eta orduan eraiki zuten gaur egun dagoen ermita.
Aldatzeko eskaera
Horren berri emateko sortu ditu maketak Berasategik, eta Segurako Udalari informazioa eguneratzeko eskatu dio. Udalak 2003an herriko historiari buruz argitaratutako liburuan eta turismo paneletan bi pasarte horiekin lotutako datuek akatsak dituztela adierazi du: «Gorosabelen informazioan oinarriturik daude, eta orain ikusi dugu ez dela zuzena», esan du.