Arabatik Aizkorrira doan pista konpontzeko lehen bilera
Aizkorri-Aratz Parke Naturalera eta Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria Orokorrera Arabatik sartzeko den pista konpontzeko lehenengo bilera egin dute erakundeek. Amaia Junquera Zeraingo alkatea eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko lehendakariak eta Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkatea eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko lehendakari ohiak ohar baten bidez azaldu dute «giro oso positiboan» egin zutela bilera azaroaren 26an Partzuergoaren egoitzan, Seguran.
Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Arabako eta Gipuzkoako Partzuergo Orokorra, Zalduondo eta Asparreneko Udalak eta Galarretako Kontzejua zeuden gonbidatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak Partzoneriari luzatu zion proposamenetik eta 2019ko irailean Partzoneriak bere egindako proposamenetik abiatuta egin dute lan, emaitza azaroaren 26ko bilera izanik. Oharrean azaldu dute bileran argi geratu zela «beharrezkoa» zela «informazio ekonomikoa» eta «informazio juridikoa» zehaztea aurrera egin ahal izateko.
Horrela, beste bilera bat egitea adostu dute erakundeek: Asparrenan izango da, Eguberritako jaien aurreko egunetan.
Bileran egin beharrekoak
Lau helburu zehaztu dituzte datorren bilerarako. Lehenengo, Solabarritik Urbiarainoko bidea konpontzeko aurrekontu eguneratua izatea. Bigarrenik, pistaren urteko mantentze-lanen deskribapena egitea, egin nahi diren konponketek ahalik eta denbora gehien irauten dutela bermatzeko, eta urteko kostuaren balorazioa egitea. Horrez gain, Zalduondok bidea uzteko aukera juridikoki aztertuko dute. Azkenik, Partzuergoak bere bizilagun partzoneroen erabilera desberdinetarako sarbidea kudeatzeko izango lituzkeen eskubideei dagokienez, aldeen arteko hitzarmenaren zirriborroa egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.