Euskara "aurrerabidea" dela aldarrikatu dute instituzioek
Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, hiriburuetako udalek, EUDELek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gizartea euskaraz biziberritu behar dela azpimarratu dute
Batuketatik biderketara lelopean, Eusko Jaurlaritza, EAEko hiru aldundiek eta hiriburuetako udalek, EUDELek eta Udalerri Euskaldunen mankomunitateak euskararen nazioarteko egunerako kaleratutako adierazpenean, gizartea euskaraz biziberritzeko aldarria egin dute. Euskara, aurrerabide. Gizartea euskaraz biziberritzea helburu adierazpen instituzionala kaleratu dute.
Euskaldunei euskaraz hitz egiteko eskatu diete: “euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin”.
Euskara “balio erantsia” dela azpimarratu dute. “Bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa”.
Norbanakotik, gizartera
Euskaraz aritzea banakako konpromisoa izan arren, “euskarak herri egiten gaituela” esan dute. “Bide horretatik heldu zaizkio beti euskarari aurrerapauso behinenak: norberaren eta gizartearen konpromisoak sendo uztartzetik. unean uneko beharrizanei euskaraz erantzuteko erabaki sendotik; etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik”.
Halere, instituzioek onartu dute egungo krisiari ez diotela “nahi bezala erantzun”. “Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun”, aipatu dute.