Goierri honaino iristen da
Goierri Matxinbentan hasten edo amaitzen da. Bertan, Ibaieder eta Zaraiaerreka errekek Goierri aldeko Beasain, Ezkio eta Itsaso eta Urola bailarako Azpeitia bereizten dituzte. Bailarako punturik iparraldekoenetarikoa da.
Goierrik 400 kilometro koadro baino gehiago ditu: Legazpitik, Zaldibiaraino; Zegamatik, Matxinbentaraino. Biztanleria egonkorra duen eskualdeko punturik iparraldekoenetarikoa da, soilik Zumarragako Aginak gainditzen du. Auzoan bertan eta inguruko baserrietan dozena erdi lagun inguru bizi dira urte osoan zehar, baina joan-etorrian ibiltzen direnak gehiago dira.
Matxinbenta auzoko zerbitzu guzti-guztiak, hau da, eliza, kanposantua, eskola, benta, taberna eta frontoia Beasaingo lurretan daude. Baserriak, ordea, Ezkioko, Itsasoko eta Azpeitiko lurretan ere badaude, han eta hemen sakabanatuta. Izan ere, Matxinbentan lau herrik eta bi eskualdek egiten dute bat. Ibaieder errekak auzoko kaskoa hegoaldetik iparraldera gurutzatzen du eta Azpeitiko lurrak mendebaldera eta Beasaingoak ekialderabereizten ditu. Are gehiago, hegoaldetik Zaraierrekako urak iristen dira eta honek Azpeitiko iparraldera eta Ezkioko eta Itsasoko hegoaldera lurrak banatzen ditu.
Beasainek, iparraldetik hasita eta ordulariaren orratzen noranzkoan, Itsasondorekin, Ordiziarekin, Lazkaorekin, Olaberriarekin, Idiazabalekin, Ormaiztegirekin, Itsasorekin eta Ezkiorekin egiten du muga. Herriko hegoaldeko muga ia osorik egiten du Itsasorekin, baina Matxinbentako mugarrira Ezkio ere iristen da. Ezkiok eta Itsasok, noranzko berdinean, Beasainez gain, Ormaiztegirekin, Gabiriarekin eta Zumarragarekin egiten dute muga.
Atxabalen magalean
Matxinbenta Urola ibaiaren arroan dago, Mandubiko gainaren bestaldean. Bertara iristeko biderik zuzenena Salbatore auzotik gora doan GI-2635 errepide sigi-sagatsua da. Hamabi bat kilometroko bidea da.
Auzoa haran estu batean sartuta dago. Beasain aldetik Atxabalgo tontorraren maldek horma naturala dirudite. Tontorra inguratuta Matxinbentan hasi eta amaitzen den ibilbide zirkularra egin daiteke. Bederatzi kilometro ditu ibilbideak, bi ordu eta erdian edo hiru ordutan egiteko modukoa.
Mandubiko iturriaren paretik irteten den pista bati jarraituta Endrio baserriaren gainean dagoen bide gurutzera iristen da. Bertan, ezkerraldera hartu behar da, gora, eta bidea jarraituz Endriokorta bordara heltzen da. Enborrak ateratzen ibili dira azken aldian eta pista harrotuta eta lokaztuta dago. Halere, bideak ez du galbiderik. Endriokortan ezkerretara hartu behar da eta Atxabalko tontorra bertatik 500 bat metrotara dago. Gainean dagoen perretxikoak dio 706 metrotara dagoela, baina Aizkorri Mendizale Elkartearen arabera 692 metro ditu. Jaisteko onena Endriokortara itzultzea da, bide beretik. Hemen bi aukera daude: eskuinetara hartu eta egindako bidea desegitea edo ezkerretara jotzea eta Ibai Eder urtegi aldera jaistea. Beste aldean baino malda leunagoa dago. Lau bat kilometroren ostean urtegira iristen da aurrena eta gero Biona baserrira. Bertan errepidea hartu behar da metro batzuetan eta jarraian, eskuinetara, herrigunera itzultzen da. Ibilbide osoa Beasaingo lurretan da.
Endriokortako bordatik hego-ekialdera doan bidea hartuz gero, hau da, Atxabalko tontorretik urrunduz, Murumendira irits daiteke Ekonetako muinoa gurutzatuta. Bide hau eginez gero, Beasaingo mugak alderik alde zeharkatuko lirateke, Murumendik Itsasondorekin egiten baitu muga.
Mandubitik Ezkio eta Itsaso aldera ere jo daiteke: Zaraiaerrekan gora jo behar da kilometro bat eta ondoren hegoalderantz hartu, Izaspiko maldetan gora. Aldapa gogorrak gainditu ostean Izazpiko tontorra inguratzen duen pistara iristen da, hau jada, ordekan. Ezkerretara hartu eta bidea jarraituta Kizkitzara heltzen da. Bertatik segidan iristen da Ezkiora. Aurrera eginda lehendabizi Kizkitzara iristen da eta hemendik, Itsasora.
Zortzi kilometro inguru dira eta lehen zatiko maldak gaindituta, ez du zailtasun handirik.