Hobariak izango dituzte ostalariek eta azokan postua duten saltzaileek
Seigarren eta zazpigarren ordenantzetan arautzen diren tasei eragingo die erabakiak. Eukaliptoaren landaketaren moratoria eskatzen duen mozioa ere onartu dute
Azkeneko Ordiziako Udalaren ohiko osoko bilkura erdi-presentziala egin zuten eta lehen aldiz, Internet bidezko bideo dei bidez onartu zuen kargu hartzea Agurtzane Antoñana zinegotzia jeltzaleak. Bestalde, Jose Migel Santamariak EAJ taldearen bozeraile izateari uko egin zion eta Bittor Bolinagak ordezkatuko du.
Jarraian 2020erako 6. eta 7. ordenantzetan arautzen diren tasetan hasierako aldaketaren onarpena landu zuten. Udal Gobernuaren proposamena izan da COVID-19aren ondorioak arintzeko ,eta 2020ko ekitaldirako soilik, %75eko ezohiko hobaria ematea alarma egoera deklaratzeagatik itxita egon diren ostalaritza establezimenduei eta elkarte gastronomikoei urteko hondakinen bilketari dagokion tasan.
Aipatu behar da, gainera, hobariak 2020ko urtarrilaren 1eko atzera-eragingortasuna izango duela. Honela, jatetxeak, erretegiak, sagardotegiak eta antzekoak, epigrafea aintzat ez hartzea 2020ko ekitaldian eta epigrafe horretako establezimenduei tabernak sukaldearekin epigrafea aplikatzea, COVID-19ak eragindako segurtasun baldintzek ezinezkoa egin dutelako jatetxeen ohiko jarduera.
Ostalaritza establezimenduez gain, asteroko azokan postua izateagatik %100eko hobaria izatea ere onartu zen bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetan. Udal ordezkariek, aho batez onartu zuten udal gobernuaren proposamena.
Eukaliptoak
Eukaliptoaren landaketaren moratoriaren inguruko Naturkon-en mozioa ere jarri zuten mahai gainean. Eztabaida interesgarria sortu zuen bilkurako puntu horrek. EH Bilduk, Elkarrekin-Podemosek eta PSE-EEk mozioaren aldeko jarrera erakutsi zuten. EAJ berriz kontra agertu zen, eta emendakin bat aurkeztu zuen, baina ez zuen udalbatzaren babesik jaso.
Naturkonek eskatzen du, Euskal Autonomia Erkidegoak Espezie Exotiko Inbaditzaileen katalogoa eratu arte eta espezie hauek desagerrarazteko beharrezkotzat jotzen diren debeku eta ekintza osagarriak ezarri arte, udalak herriko baso-ustiapenetan Eucalyptus espezieak landatzeko baimen eskariei moratoria bat ezartzea.
Bigarren eskari bat ere egiten du; kontuan izanik «Euskadiko basoetan eta baso lurretan Eukaliptoak duen presentziak lur hauen bioaniztasunea, produktibitatea, birsortzeko ahalmena, bizitasuna eta gaur egun eta etorkizunean izan behar dituen gizarte eta funtzio ekologikoak kolokan ipintzen dituela, Ordiziako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ahalik eta lasterren ireki dezala Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa, eta berehala ireki dezala Eucalyptus espezie desberdinak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoan sartzeko administrazio prozedura».
Azkenik, udalaren osoko bilkurak foru aldundiei eskatzen die baso-politikak alda ditzatela beren lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez daitezen eta titulartasun publikoko zein pribatuetako mendietan egun dauden eukalito ordezkapena ordenatua planifika dezaten.
Mozioa onartu zuten, EH Bilduren (7), Elkarrekin-Podemosen (2) eta PSE-EEren (1) bozekin. EAJk (7) kontra bozkatu zuen.
Saharako auzia
Bestalde, Mendebaldeko Saharan jazotako azken gertakarien aurrean adierazpen instituzionala mahaigaineratu zuen udalbatzak. Adierazpenaren bidez, laburbilduz, Ordiziako Udalak, Sahara Euskadi Mugimenduarekin eta Euskadiko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera berresten du zalantzarik gabeko elkartasuna saharar herriari eta haren legezko ordezkari Fronte Polisarioaren borrokari. Gainera, Espainiako gobernuari Mendebaldeko Sahara de iure administratzen duen potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain har dezala exijitzen diote, besteak beste. Aho batez onartu zuten adierazpena.