Irene Aldasorok Sally Rooney-ren 'Jende normala' euskaratu du
Alberdania Argitaletxeak argitaratu du. Bizitza propioa eraikitzeko bidean dauden eta munduan lekurik topatu ezinik dabiltzan bi gazte dira protagonista
Sally Rooney idazle irlandarraren Jende normala eleberria euskaratu du Irene Aldasoro itzultzaile idiazabaldarrak. Alberdania argitaletxeak argitaratu du liburua euskaraz, eta aste honetan aurkeztu dute Donostiako Udal Liburutegian Aldasorok berak eta Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak.
Mundu osoan Best seller bilakatu da Sally Rooney-ren eleberria. Arrakastaren adierazle da BBC kateak eleberrian oinarrituta egin duen telesaila. Maitasunaren inguruko gogoeta da Jende normala, amodiozko historia bat. Munduan eta amodioan leku propiorik aurkitzen ez duten bi gazte dira protagonistak. Bizitza propio eta erakargarri bat eraikitzeko egiten duten borrokaz hitz egiten du idazle irlandarrak eleberrian. Sexua, emozioak, porrot emozionala, norberaren askatasuna, bakardadeaz eta elkarrenganako grinaz dihardu, besteak beste. Matxismoa eta familia harreman ustelak ere baditu mintzagai.
Itzultzaileak eta editoreak aurkezpenean azaldutakoaren arabera, «harreman eredu berri» batean oinarritzen da Sally Rooney. Gehitu dute «proposamen ausarta» dela: «Erabatekotasuna bilatzen duena eta zoriontasunaren giltzarriak eta gaur nonahi eskaintzen zaizkigun suzedaneoak bereizteko moduaz galdera zintzoak planteatzen dituena». Dublin hiriko gizartea islatzen du eleberriak.
Ibilbide luzea
Idiazabaldarra izan arren, 18 urterekin utzi zuen herria eta orain Donostian bizi da. Ibilbide luzeko itzultzailea da Aldasoro. Euskal Telebista sortu berritan hasi zen lanean, 1985 inguruan, Irlandatik etorri zenean. Ikus-entzunezkoetan hasi zen, serieak, marrazkiak eta filmak itzultzen. Horrez gain, literatura, eskola liburuak edota unibertsitateko legeak itzuli ditu. Euskararekin, gaztelerarekin, ingelesarekin eta frantsesarekin egiten du lan eta EIZIE Euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteko kidea da. Literaturari dagokionez, besteak beste, James Joyce, Henry James eta D.H. Lawrence idazleen lanak euskaratu ditu, eta bitan lortu du Euskadi Itzulpen Saria: James Joyce-en Dublindarrak liburuarekin 2.000. urtean eta Emily Brontë-ren Gailur ekaiztsuak lanarekin duela bi urte, 2018an.













