«Literaturak lan gehiago ematen dizu, baina asetzea ere handiagoa da»
Irene Aldasorok Sally Rooney idazle irlandarraren 'Jende normala' eleberria euskaratu du. Lege eta eskola liburu asko itzuli ditu, baina literatura du gustuko generoa.
Nolakoa izaten da eleberri bat itzultzeko prozesua?
Itzultzaile bakoitzak bere gisara egingo duela pentsatzen dut. Badaude gauza orokor batzuk. Lehenengo, enkargua bada behintzat, irakurri egin behar duzu, dena ez bada bada ere, ze ahots daukan jakin, bai edo ez esateko behintzat, zuk egiteko modukoa den edo ez jakiteko.
Gero, bada ezkerretik eskuinera. Gertatzen dena da beti dauzkazula arazoak, han ez bada hemen: kulturalak, gramatikalak, estiloari buruzkoak edo bestelakoak. Hainbeste urte pasata ere, beti dago zerbait. Niri ondo datorkit zati edo kapituluak egin eta berrikustea. Tonua hartzen eta zein ahotsa izango duen ikusten joateko. Beste batzuetan, halere, dena egin eta bueltatu behar izaten dut.
Enkarguak aipatu dituzu. Itzulpenak egiteko lehiaketak ere izaten dira ezta?
Enkarguak zein lehiaketak izaten dira. Hemen, argitaletxeetan lan gutxi dago. Nik ez dut literatura asko itzuli dena den. Literatura unibertsaleko lanak itzultzeko lehiaketa egiten dute dirua dagoenean, eta nik bertatik atera ditut hainbat liburu.
Gailur ekaiztsuak, adibidez, lehiaketa horretatik ateratakoa da. Azken hau, bestalde, Alberdaniaren enkargua izan da.
Legeak itzuli dituzu, eskola-liburuak, literatura… Ba al duzu genero edo gai gustukoenik?
Bai, bai. Gustukoena literatura da. Lana ere gehiago zaindu beharrekoa da, lan gehiago ematen dizu alde batetik, baina beste batetik asetzea ere handiagoa da.
Zein da eleberri bat itzultzearen alderik zailena?
Literatura ona bada beti dauka zerbait, ez da aparailu baten funtzionamendua itzultzea bezala. Nobela bakoitzak bere korapiloa edo bere une zailagoak ditu, euskarara ekartzen zailagoak direnak hizkuntzarengatik.
Badaude zailtasun bereziak dituztenak, ba adibidez Xabier Olarrak itzuli duen Joyce-ren Ulises, hori alde guztietatik da zaila, ulertzeko bakarrik ere zaila da. Nobela asko daude, baina beti izan behar duzu kontuan zer transmititu nahi duen idazleak, eta zein instrumenturekin ari den mezu hori ematen. Emozionalki zer eragin nahi duen, horretan ibili behar duzu.
Itzulpengintza automatikoak eraginik izan al du zure lanean?
Niri pertsonalki ez dit eragin, baina beste arlo batzuetan izan daiteke. Etorkizunean itzultzaileak zuzentzaileak izango direla irakurri nuen duela gutxi. Seguru eragingo duela, baina oraingoz behintzat niri ez.