Martxoan bai, abenduan jai
Martxoko eta abenduko feriak Urretxuko eta inguruko herrietako baserritarren topagune izaten dira. Martxokoa ozta-ozta egin zen, baina abendukoa ezin izango da ospatu.
Aurten denok koronabirusak jarritako erritmora dantza egin dugu. Urretxuko feria bereziak horren erakusle bikainak dira. Urretxun bi feria berezi egiten dira: bata martxoan eta bestea abenduan. Martxokoa ozta-ozta libratu zen eta abendukoa, berriz, ezin izango da egin.
Martxoko eta abenduko feriak aspalditik egiten dira. Urretxuko eta inguruko herrietako baserritarrek estimu handian dituzte, arratsaldea aspaldiko lagunekin pasatzeko aukera ematen baitie. Bi feria hauek Gernikako Arbola plazan egiten dira: baserritarrek elkarrekin hitz egiteko aukera izaten dute, hainbat zozketatan parte hartzen dute, herriko baserrietako ganadua ikusteko aukera egoten da, idi probak egoten dira…
Aurtengo martxoko feria martxoaren 4an egin zen. Ordurako koronabirusa gure artean zen, baina oraindik ez zen kasurik atzeman. Dena den, giroa nahiko tristea zen jada. Feria ospatu egin ahal izan zen, baina dagoeneko nahiko argi zegoen egun gogorrak zetozela. Hala, martxoaren 15ean konfinamendua hasi zen. Bederatzi hilabete pasa dira ordutik. Egoera hobea da, baina oraindik maskara jarri behar dugu, tabernak itxita daude, ezin gara herritik atera… eta abenduko feria bertan behera gelditu da.
Datorren urtean, akaso
Urretxuko Udalak oso argi zuen ez zela feria antolatzea komeni. «Urretxun martxoko eta abenduko feria, Urretxuko jaietako ganadu erakusketa eta Santa Lutzi feria egiten ditugu. Martxokoa egin genuen eta gainontzekoak ez ditugu egingo. Martxokoa triste samarra izan zen. Hotza egiten zuen eta ordurako kezkatuta geunden. Abendukoa ez antolatzea pena da, bi feria hauek oso politak baitira. Baina ez dago antolatzerik. Uda ondoren egoera aztertu genuen eta feriak antolatzeak ez zuela zentzurik ikusi genuen. Abenduko ferian Santa Lutzi egunean baino askoz ere jende gutxiago elkartzen da, baina hori ere ez da komeni egitea», aipatu du Jon Luqui Urretxuko alkateak.
Datorren urteari begira, badaezpada ere, udalak aurrekontuan feriak antolatzeko behar den dirua gorde du. Hala, egoerak ahalbidetzen badu, antolatu egingo dira.
Urretxuko Udalak landa eremuarekin lotutako beste egitasmo batzuk ere baditu. Garrantzitsuena, Santa Barbararen berrantolaketa da. Udalak Mendizabal Txiki baserriaren pareko lursaila erosiko du (haur parketik errepidera doana) eta bide berri bat egingo du. Bide hau Mendizabal Txiki aurretik pasatzen denaren paraleloa izango da. Hala, autoak ez dira Mendizabal Txiki aurretik pasako. Horrekin batera, Santa Barbarako haur parkea berritu eta handituko da.
Horretaz gain, udalak aterpetxearen ondoan dagoen lursail bat erosiko du. Lursail horren jabegoa baserritarrena eta udalarena da eta aurrerantzean udalarena bakarrik izango da. Egoera txarrean dauden zuhaitzak bota egingo ditu eta hala aisialdirako eremua handituko du.
Horretaz gain, urteroko moduan, Urretxuko Udalak baserrietara doazen bideak konponduko ditu. Aurten 20.000 euro bideratuko ditu zeregin horretara. Baserritarrei ganaduari txertoa jartzeko laguntza ere emango die.