Orrazkadak ahuleziari
Ehungintza tailer inklusiboa ireki dute Zaldibian. Goiekik, eta Sarea eta Caritas fundazioek lanerako prestakuntza eta aukera emango diete larritasunean daudenei. Lau hasi dira Ehunkiden
Goierriko gizartean aurrera egiteko aukerarik batere ez dutenei lan mundurako ate bat ireki zieten, atzo. Ehunkide ehungintza tailer inklusiboak lehenengo lan eguna izan du. Estreinaldiaren kirioak eta berriari neurri hartzeak igarota, jostundegia hasi da orrazkadaka. Goieki agentziak, eta Sarea eta Caritas fundazioek elkarlanean ondu dute.
Bi urteko lanaren emaitza da Ehunkide. Zaldibiako Elbarrena auzoan Goiekik zeukan pabiloi bat berritu, eta lau goierritar hasi dira lanean, Marisol Merino jostun ofizialak gainbegiratuta.
Ehule titulu profesionalaren ikastaroa antolatu zuten iaz, eta 15 emakumek egin zuten. 11k atera zuten titulua, eta haietako lauk erabaki dute orain Ehunkiden lanean hastea.
Osagai xumeetatik abiatu
Pertsonei ezezik, gauzei ere emango die aukera Ehunkidek. 17 makina jarri dituzte, funtzio desberdinetakoak. Urte batzuk badituzte, baina balio dute. Idiazabalgo enpresa batek emanak dira asko, zaldibiar batek utzia beste bat. Oihalak ere berrerabiltzen ari dira: Legorretako Eredu kooperatibak katalogoz kanpo utzitako ehunak eman dizkie.
Gauza «sinpleak» josten hasi dira: enkargutarako poltsak, nezeserrak, diru zorroak, sukaldari kapelak… Hutsetik abiatutakoak dira jostunak ere.
«Kurtso bat egin dute, eta eskua hartu dute. Bizikletan ikastea bezalakoa da hau: behin ikasi, betiko. Gauza xumeekin hasi gara, eta eskarien arabera ikusiko dugu zerekin jarraitu. Kirol arroparekin sartu nahi dugu, eta koronabirus maskarak josten aurki hasiko gara, homologatutako oihalak jasotakoan», dio Marisol Merino jostunak.
Sozialki gabezian eta larritasunean daudenei zaurgarri deritzaie, ahulezia egoeratik beren lanez eta kabuz irteten laguntzeko proiektua da Ehunkide. Egunero bost orduko lana dute, atzo hasita (09:00-14:00).
Goiekik bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren %85eko kofinantzazioarekin. Bisitan izan zen atzo Proiektu Estrategikoetako zuzendari Unai Andueza. COVID-19aren krisiak kolektibo batzuentzat egoera oso beltz utzi duela azaldu du. «Enpleguaren bidez gizarteratzea da xedea, kohesioa eta integrazioa bilatu».
«Zerbait erreala» eskaini nahi zien Goiekik, Iker Galparsoro zuzendariak esan duenez. «Ehungintzako enpresentzat josiko dute. Produktuen berrerabilgarritasuna ere bada zutabe bat, hondakinak lehengai bihurtuz balioa emanda. Bideragarritasuna ematen saiatuko gara, merkatuak markatuko baititu arauak».
Gutxi zutenak, gutxiagoan
Emakumeak eta etorkinak dira Ehunkiden lanean hasi diren laurak. Beste pare bat langilerentzat aukera badagoela aurreikusi du Sareako arduradun Agustin Tranchek. «Autonomia lortu behar dugu finantzarioki eta ekonomikoki. Tailerra bere kabuz ibiltzen hastea lortu behar da».
Arrazoi askogatik, lan mundura sartzeko aukerarik ez daukaten emakumeak dira kolektibo zaurgarrienetako bat, Goierrin denbora bat daramaten etorkinak, kasu. Caritaseko Ainhoa Etxabek ohartarazi du beharra «izugarria» dela: «Lehen ere bazegoen, eta COVIDarekin orain azaleratu da. Oinarrizko beharrak asetzeko etxea eta jana lortzea, arazo handiak daude».