Pentsiodunen manifestazioak, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan
Protestak Toledoko Ituneko murrizketan aurka antolatu dira
Euskal Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Besteak, beste Ordizian eta Urretxu-Zumarragan. Toledoko Ituneko murrizketen aurkako manifestazio hauetan ehunka lagunek bat egin dute. Ordizian Goierriko Neska Gazteak taldea, Koordinadora Feministak eta Ernaik bat egin dute, besteak beste.
Iragan azaroaren 19an, Toledoko Itunaren gomendioak hirugarrengoz berritu zituen Madrilgo Diputatuen Kongresuak, eta Euskal Pentsiodunen Mugimendua ez dator bat Kongresuak hitzartutakoarekin, uste baitute Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dutela «gezur handia dela Gizarte Segurantza publikoa defendaezina dela», eta ikusten dela «sistema mantentzeaz bestelako helburuetarako erabili direla funtsak».
Era berean, «ofizial egiten da pentsioen igoera KPI errealarekin lotuta egongo» dela, baina gomendio horiek «desabantaila asko» dakartzate pentsiodunen ustez: «27/2011 eta 23/2013 legeek sartutako murrizketak finkatu egiten dituzte; ez dute aipatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu behar denik, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala». Bestalde, alarguntza pentsioari buruzko gomendioak «etorkizunean okerragotu egingo dute emakume askoren egoera, eta handitu egingo da genero-arrakala». Honela, alarguntza pentsioa, bikoteari dagokion %100 eskatzen dute. Era berean, «etorkizuneko pentsioak murrizteko diseinatuta dagoen Iraunkortasun Faktore mantentzen dute, hau da, urte batzuk ondoren, tarteka, pentsioak jaisten joatea; ez dago argi koefiziente murriztaileak baliogabetzen diren edo, gutxienez, murrizten diren 40 urte edo gehiagoan kotizatzen aritu eta gero enplegua galdu zutenarentzat». Pentsio-funtsak sustatzen dituztela ere uste dute, «pertsona eta diru-sarrera handienak dituztenei mesede egiten diotenak, zerga-desgrabazioak eginez, ahuldu egiten da Gizarte Segurantza Publikoa, finantza botereen mesedetan».