Bertsolari jaialdi osoa, etxeko osagaiekin
Herri asko ez dira izango bost-sei bertsolariko saioa herritarrekin bakarrik osa dezaketenak. Gabirian, Euskararen Eguna gogoratzeko, larunbatean egin zuten. 'Aulkia' ere badaukate, entzuleen artean.
Herrien mugak ixteak, tokian bertako balioak azalarazi ditu. Gabirian, bertsolariak. Aitzakia gutxi behar zuten mahai bueltan saioa egiteko, baina oraingoan bertsolari jaialdia osatzera iritsi dira. Bertako bertsolariekin eta gai jartzaileekin, dena.
Duela urte batzuk hasi ziren Euskararen Egunaren harira bertso otordua egiten, hiru bat herritarrekin. Halakorik ezin orain, eta zapatuan bost bertsolarik abestu zuten, Andre Mari elizan, 60 bat entzulerentzat. Iñaki Murua, Endika Igartzabal, Gorka Maiz, Aratz Igartzabal eta Maialen Akizu. Gai jartzaile, Eresti Oiarbide. Ibilbide oparoko bertsolaria da lehenengoa; Gipuzkoako Txapelketan iaz jardundakoak, hurrengo bostak.
«Normalean, Azpeitian edo herri handiagoetan egin liteke, egitekotan, herritarrekin saioa. Baina Gabirian, 500 biztanleko herrian, aukera hori bada. Bost laguneko jaialdi bat hola eta hola ez dago betetzerik. Seikoa izateko ere aukera bazen, gainera», esan du Iñaki Muruak.
Izan ere, entzuleen artean zen Euxebio Igartzabal, baita bertsotan txukun egin dezaketen gehiago ere, herriartekoan-eta ibiliak. Aspaldian jardun gabe, «oso gustura» aritu zen Murua.
Hurrengo baterako, emakumezko gehiago plazaratzea nahi luke, «orekatuago» izateko.
Duela 50 urte, lehiaketa
«Betitik» izan du bertsolari herritarren harrobia Gabiriak. «Ni hasi nintzenean, txerrikume bat ito zen baserrirako asmotan zena. Galera dezentea izango zen, eta txerrikume jana egin genuen soziedadean: Euxebio, gure aita, ni… Publikoan hasiera horrela izan zen», dio Muruak.
Hurrengo saltoa izan zen Euxebio Igartzabali egin zitzaion omenaldia izan zen, «plazaz plaza zebilen sasoi puri hartan». Herriko sei bertsolari irten ziren, eta Luzio Gabiriak irabazi zuen.