Zuhaitz Gurrutxaga: «Jendeak ez daki txiste batek funtzionatzeko zer lan dagoen atzean»
Ordiziako Herri Antzokian izango da gaur Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980) komikoa 'FutbolisTOK' azken lanarekin. Hortaz eta bakarrizketalari ofiziaz hitz egin du. Sarrerak agortuta daude.
Ordizian bakarrizketa saioa egingo duzu gaur. Zer aldarterekin zatoz?
Egia esan, gogotsu! Urrirako geneukan programatuta, Emauneurre taldekoen bitartez, baina atzeratu egin behar izan genuen. Pentsatu genuen egoerak uzten zuen bezain pronto egingo genuela eta dagoeneko iritsi da egun hori. Eskerrak eman nahi dizkiet Emaneurrekoei, orain bakarrik ez, duela bost urte ere, beste bakarrizketa batekin Ordizian izateko aukera eman zidatelako. Baita udalari ere, bakarrizketa antzokira eramateko egin duen ahaleginagatik.
Ordizian egon zinen aurrekoan ‘Futbolisto baten konfidentziak’ zen saioaren izena, eta oraingoa ‘FutbolisTOK’ da. Futbolean jokatzen eman zenituen urteak markatu zintuztela ezin duzu ukatu…
Bai, hala da! Eta uste dut okina izan banintz, ogiari buruzko bakarrizketak egingo nituzkeela. Futbola nire bizitza erdia baino gehiago izan da, nahiz eta azkeneko urteetan beste arlo batean ezagutu nauen jende askok.
Baina bai, noski markatu ninduela. Uste dut futbolarena dela mundu oso hermetikoa, oso itxia, futbolaren bueltan informazioa jaso jasotzen dugu egunero-egunero, baina gauza gutxi jakiten dira benetan barruan gertatzen denaz, hau da, alderdi humanoari begira batez ere.
Ulergarria ere bada futbolariek euren bizitzaz eta emozioez gehiegi ez esatea, zeren betiko lerrotik ateraz gero, hurrengo egunean titularretan agertzen zara. Eta ez dut uste hori futbolari gehienei interesatzen zaienik.
Horregatik, ez dute gauza handirik kontatzen, ezta nik ere futbolean jokatzen nuenean. Baina orain futboletik urrundu naizenez, kontatu nahi ditut hor barruan ze gauza gertatzen diren, eta gainera uste dut jendeak baduela interesa gauza horiek ezagutzeko.
Umore kutsuarekin ala?
Bai, noski! Futbolari baten porrot txikietan du ardatza istorio honek, eta orokorrean, %95ean esango nuke, umorezko bakarrizketa bat da, jendeak barre egingo duela uste dut.
Dena den, esandakoaz aparte, badago zati bat, haurnarketara eramaten zaituena, edo hori da behintzat lortu nahiko nukeena; momentu batean hitz egiten dut TOK (Trastorno Obsesibo Konpultsiboa) izeneko gaitz mental baten inguruan, nik lehen pertsonan bizi izan nuena, futboleko lehenengo mailako jokalaria nintzenetik.
Horregatik FutbolisTOK izenburua, hitz-joko bat da, erakutsi nahian edo, hori ere hein batean desdramatizatu daitekeela, eta umorera eraman daitekeela.
Pentsatzen duzu guztiarekin egin daitekeela umorea?
Ez eta bai! Uste dut, edo horrela jarduten dut nik behintzat, norberak bere buruaz egin behar duela barre edo umorea. Nahiago dut txiste bat ez egin beste pertsona baten zoritxarraz edo porrotaz. Nirea denean, zilegitasun osoa dut hitz egiteko edozertaz, dramatikoenaz ere bai.
Bazatoz berriz oholtza gainera bost urteko etenaren ondoren, eta bitarte horretan telebistan ikusi zaitugu. Hori izan al da arrazoia, ala beste zerbait?
Egia da ETBrentzat Herri txiki infernu handi saioa egiteko aukera suertatu zitzaidala, eta hark energia handia eskatzen zidala momentu hartan. Horregatik baztertu nuen pixka bat bakarrizketalari lana.
Aurten, zazpigarren denboraldiarekin ari gara Herri txikin, eta nahiz eta topera gabiltzan, energia kudeatzeko beste era bat daukat, eta badaukat indar pixkat beste gauza batzuk ere egiteko. Horregatik bueltatu naiz hein handi batean.
Eta bietatik, zeinetan sentitzen zara erosoago?
Bakarrizketetan oso eroso sentitzen naiz. Uste dut bakarrizketalaria naizela, nire burua behintzat komikotzat dut. Bestalde, telebistarako egin dudan formatu horretan ere, oso-oso eroso sentitzen naiz. Urteak daramatzagulako, 70 programa egin ditugu, eta neurria hartua diot. Ez dakit beste programa batean hala izango litzatekeen.
Edozein herritako kultur agendei erreparatuz, ez da oso ohikoa bakarrizketa saioak izatea eskaintzan, eta gutxiago euskaraz. Euskarazko publikoa egon badago eta eskaintza falta dago, ala eskaririk ez dagoelako ez dago eskaintzarik. Zuk zer uste duzu?
Euskal Herrian ez da oso ezaguna bakarrizketalari ofizioa, eta gutxiago euskaraz. Ameriketarako Estatu Batuetan adibidez, bakarrizketalari ofizioa ez da berria, ezta Frantzian eta Ingalaterran ere. Herrialde horietan existitzen da ofizio hori aspaldi-aspalditik, eta oso baloratua da gainera. Espainiara ere berandu iritsi zen, 2000. urtean edo. Hemen ez gaude asko. Uste dut ofizio hau Hego Euskal Herrian batez ere ez dela oso ezaguna, eta Ipar Euskal Herrian agian zertxobait gehiago.
Hala izanda ere, potentziala egon badago euskarazko bakarrizketak egiteko.
Baietz esango nuke! Uste dut aurrerantzean gehiago ezagutzen joango dela eta hemen ere geroz eta gehiago izango garela lan honetan aritzen garenak.
Zu behintzat ari zara lanean zabiltza, bai oholtzan bai telebistan. Bestelako proiekturik baduzu esku artean?
Urtarrilean estreinatuko den Konpromisoa izeneko antzezlanaren entseguetan nabil, Joseba Apaolazarekin eta Ramon Agirrerekin batera. Beraz, konpatibilizatu beharko ditut, Konpromisoa, Herri txiki, infernu handi eta FubolisTOK. Urtarriletik aurrera nahiko egur datorkit eta energia beharko dut beraz, baina gogotsu nago.
Lehendik ere antzerkian ibilitakoa zara.
Hirugarren antzezlana izango da hau. Baina ez orain, eta ez etorkizunean ere, ez dut uste esango dudanik aktorea naizenik. Deitu didatenez, aukera interesgarriak direnez, eta esperientzia berriak bizi ditzakedanez, baietz esan izan dut.
Gaurko saiorako sarrera denak agortuta daude. Zer mezu eman nahi zenieke Herri Antzokira hurbilduko direnei?
Nik esatea akaso asko esatea da, baina benetan uste dut jendeak barre egingo duela, momentu ona pasatuko dutea. Orain arteko esperientziak behintzat hori esaten dit. Gainera, denbora asko eduki dut, konfinamenduak ere balio izan baitit idazteko. Lehen esan badizut bakarrizketalari ofizioa ez dela batere ezaguna, oraindik ere ezezagunagoa da barre eragiteko txiste batek funtzionatzeko atzean zer lan dagoen jakitea, ia matematika da: idatzi egin behar da, eta orduak pasatu behar dira horretan; bueltak eman behar zaizkio txisteari… Publikoari barre eginaraztea ez da gauza erraza, baina sakontzeko denbora eduki dut, eta uste dut emaitza polita atera dela eta jendeak ere disfrutatuko duela.