Telegrafista baten bizitzaren mezua lau haizetara
Agustin Galabide 1974an itsasoratu zen, itsasontzi merkanteetan telegrafista lan egiteko, Portugaleteko Nautika Eskolan ikasi ondoren. Afrikan lan egin zuen aurrena; Angola independizatu zen garaian, han zebilen. Bederatzi urtean lan egin zuen itsasoan, harik eta, mila bizipen eta susto batzuk tarteko, lurrera itzuli zen arte.
Itsas kultura dario ‘Maldito Gorri’ eleberriari, alde guztietatik. Sustraiak botatzeko zailtasunetik hasita, horrek famili edo bikote harremanetarako suposatzen duenetik jarraitu, eta bizimodu ibiltari eta bere kode propiodunera iristeraino.
Biografiatik abiatu arren, literaturaren soinekoak misterio puntu ugari ematen dizkio. Zer den egia, zer asmatua, irakurlea kulunkan uzten du. Ormaiztegiarrek eta ingurukoek, beste pertsonaia batzuen erreferentziak garbi ezagutuko dituzte, izengotititik hasita.
Gutxik jakingo dutena, ordea, kontakizunak bere baitan osatzen duen borobiltasuna da. Iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia, lehenaren eta orainaren errepikapen sinestezinak, pertsonaien ispilutasuna, galdutakoen eta aurkitutakoen ezustekoak. Maitasuna, bizitzako erabakiak eta aukeratutako bideak dira epaile.
Intentsitate handiz hasi eta bukatzen da eleberria. Tartean, behetik gora doa trama. Haragizkoak diruditen pasarte ia anekdotikoek, arimaren eta pertsonaren sakonenean uzten duten aztarnen lokarria da. Abentura eta intimitatea, bat.
Biluztu egin da Galabide. Bizialdian oso gutxik osatu –eta oraindik gutxiagok idatzi– duten bizitza-bidaia harrigarria kontatzeko, biluztu ere.