Tabernen irekiera eta mugikortasuna lurralde mailan baimenduko ditu Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak datozen asteei eta Eguberriei begirako neurri berriak iragarri ditu. Tabernak zabaldu ahal izango dira 500etik beherako inzidentzia tasa duten herrietan. Herrien muga kendu dute eta Gipuzkoa mailan mugitu ahal izango da. Larunbatean jarriko dira indarrean neurri horiek.
Babes Zibileko Planaren (Labi) aholku batzordeak datozen asteei begira hartuko diren neurriak erabakitzeko bilera egin du gaur arratsaldean. Ordu eta erditik gora iraun duen saioa bukatu berritan, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du, neurri horiek azaltzeko.
Urkulluren arabera, “egoerak hobera egin du baina larrialdi egoeran jarraitzen dugu”. Azaroaren 6an neurriak hartu zirenetik “balantze baikorra” egin du lehendakariak. “Hobekuntza horrek erakusten du hartutako erabakiak egokiak izan direla”. Hala ere, adi jarraitu eta neurriak errespetatzeko deia egin du. Honakoak dira datozen asteetarako indarrean izango diren 10 neurriak:
- Mugikortasun mugak gaueko 22:00etik goizeko 06:00etara mantenduko dira. Salbuespena abenduaren 24tik 25erako gauean eta abenduaren 31tik 1era artekoan izango dira. Bi egun horietan hasiera-ordua gaueko 01: 30era arte atzeratuko da.
- Konfinamendu perimetrala erkidego mailan mantendu egingo da, abenduaren 23tik 26ra eta hilaren 30etik urtarrilaren 2ra izan ezik.
- Udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko dute, baina lurralde historikoen barrukoa mantenduko da. Horrenbestez, goierritarrek Gipuzkoan barrena bakarrik mugitu ahal izango dute.
- Gehienez 6 pertsona elkartzeko neurria mantentzen da. Salbuespena 24-25 eta 31-1eko ospakizunetara mugatuko da. Egun horietan, gehienez 10 lagun elkartu ahal izango dira, eta gehienez bi familia-unitatetakoak izatea iradokitzen da.
- Festa ospakizunak eta jende pilaketak eragiten dituzten ekitaldiak bertan behera geldituko dira abenduaren 21etik aurrera. Kantu-eskeak, gabon ospakizunak, zamalkadak edota San Silbestreen moduko kirol probak aipatu ditu adibide moduan.
- Ostalaritza eta jatetxeen jarduera baimendu egingo da 500etik beherako inzidentzia tasa duten herrietan. Terrazak ireki ahal izango dituzte eta taberna barruko aforoa %50rera mugatuko da. Beti ere eserita kontsumitu beharko da, debekatua barran edo zutik kontsumitzea. 500etik gorako tasa duten herrietan ezingo dute ireki, tasa hori jaitsi bitartean.
- Ostalaritzak 06:00etatik 20:00etara ireki ahal izango ditu ateak. Zerbitzuguneak izango dira salbuespen bakarra. Terrazetan ez erretzea iradokitzen da. Maskara jarrita izan beharko da uneoro, edateko edo jateko unean izan ezik.
- Kirol entrenamenduak baimendu egingo dira 6 laguneko taldeetan. Aldagelak %30eko okupazioarekin erabili ahal izango dira.
- Kirol jardueren gainontzeko mugak mantendu egingo dira urtarrilera arte. Gabonen ondoren debektu hori altxatzeko aukera aztertuko dute, beti ere, pandemiaren garapenaren arabera.
- Gaboneko jaietan adinekoen egoitzetara bisitak egiteko araudi berezia onartuko dute.
Lehendakariak berretsi du “prebentzio neurririk onena norbere kontzientzian” dagoela. Eguberri hauek bereziak izango direla eta “berezi egin” behar ditugula gogorarazi du, eta horretarako, familiek haien ohiturak aldatu behar dituztela. “Ezer aldatu ezean egoerak ez du hobera egingo”. Erabakiak “zorroztasun osoz betetzeko unea” dela dio. “Asko lortu dugu eta ez dugu atzera egin behar”. Hildakoak eta haien familiak gogoan izan ditu eta osasun langileen ahalegina eskertu du.
Neurri horiek larunbatean jarriko dira indarrean, eta printzipioz, bi asteko iraupena izango dute, aholku batzordearen hurrengo bilerara arte.