Artzaintzak neguko martxa hartu du
Ardi esnea izan da azkeneko Ordiziako Azokako berrikuntzetako bat, artzaintzan neguko lanak hasi direnaren seinale. Barazki berriak ere ekarri dituzte negu giroko merkatura.
Hasi da artzainentzat urteko garairik lanpetuena. Arkumeak jaiotzen hasi dira eta erne egon behar horien zaintzan. Eta arkumeak kentzen ere hasidira batzuk. Jaio eta 3-4 astetara 12 bat kilorekin kendu ahala jetzi eta gazta egiteari ekin diote gehienek. Esnea bera ere saldu ohi dute, eta atzo bertan, Axun Etxeberriak ekarri zituen lehen litroak 2,4 euroan litroa.
Gazta da hala ere, artzaintzari errentagarritasun handiena ematen dion produktua. Modu industrialagoan ari direnak, artalde handiak dituztenak eta produkzio handiak dituztenak, ez dute beti ezagutu izan den saio hau hainbeste markatzen, izan ere, ia urte guztian izaten dute gazta freskoa. Naroa Irigoienek, Idiazabal izendapeneko Goiburu gazta ferian saltzen duenak, azaroaren 29an hasi zirela gazta berria egiten esan digu, beraz, bi hilabetez ontzen utzi eta, urtarrilaren bukaeran saltzeko prest izango du.
Azken urteetan arkumea legokiokeen prezio duinean saltzeak nahikoa lan eman badu, aurten egoera ez da xamurragoa. Jatetxeak itxita, jende elkartze handirik ez… Larsabi elkartetik, Latxa arrazaren alde egiten ari diren lanen artean, arkumearen salmenta ahalik eta baldintza onenetan egitea dute erronketako bat. Iazko erreferentziak aintzakotzat hartzea dute helburu, 4 euroan kiloa bizirik pisaturik momentu honetako prezioa, Gabonak gerturatu ahala gehixeago izango delarik.
Kale aza lisoa lehen aldiz
Neguko barazkiak nagusi mahaietan, oraindik piper eta tomate gutxi batzuk ikusten badira ere. Aza da produktu izarra bere mota ezberdin guztiekin: azalore, patxoi, romanesko, brokoli, lonbarda… Kale azari dagokionez, orain artekoari berri bat erantsi behar diogu, «kale lisoa» esan zigun Iñaki Intxausti Zeraingo Mendartekoak: «Berez nahikoa kixkurra bada ere». Berria da bestea baina hosto luzeagoa eta finagoa, euroan sorta salgai atzo.
Santa Luzi eguna –13an– lurrarekin ari denarentzat garai aldaketaren erreferentzizko data da.«Egunik luzeena San Juanena; gaurik luzeena, Santa Luziena». Arratsaldean egunak mozteari uzten dio eta luzatzen hasi bitartean oraindik aste pare bat beharko bada ere, iluntasun handieneko egunei adio laster. Eta neguko solstizioarekin bat Gabonak. Seinaleak ugaritzen hasi dira azokan, datorren astetik aurrera aipagai izango ditugu.