Beasain, Txac planetako hiriburua
Beasainen aurkeztu dute ETB3ko telesail berria: 'Txac planet'. Toolbox plataformaren jarraipena da, eta Beasaingo La Salle aitzindaria denez plataforma hau erabiltzen, bertako ikasleak izan dira telesaila ikusten aurrenak
Ada astronautaren bisita jaso dute Beasaigo La Salleko ikasleek. Txac planet telesaileko protagonista da, ETB3ko saio berrikoa. Sei minutuko 30 saio dira denera eta programazioaren oinarrizko ezagutzak eta kultura zientifikoa jorratuko ditu. Baina La Salleko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasleek lehen urratsak emanak dituzte. “Urteak dira ikasleekin programazioa lantzen dugula. Toolbox plataforma erabiltzen dugu, software librea delako eta programazio errealarekin antzekotasun handiak dituelako. Ikasleentzako tresna egokia da”, azaldu du Hur Ezeiza irakasleak. Beasaingo La Sallek plataforma erabiltzen aitzindariak izan ziren eta horregatik egin dute aurkezpena bertan.
Txac planet Toolbox plataformaren jarraikortasuna da. “Telesaila pentsamendu konputazionalera hurbiltzeko motibazio bat da, sarrera bat. Toolboxek sakontzeko balio du, ikasteko”, dio Cristina Murillo GAIA Klusterraren zerbitzuen zuzendariak. “Alor pedagogikoa era ludiko batean lantzea da helburua”, osatu du Nerea Zendoia EiTBko haur edukien koordinatzaileak. Telebistaz gain, Hiru klubaren app-ean eta sarean ere ikusi ahalko dira saioak, gazteengana errazago heltzeko asmoarekin. “Gaztetxoek lotura estua dute informatikarekin, baina logika konputazionala landu gabe dute. Gaztetatik sakondu behar da”, defendatu du Murillok.
Irea Goikoetxeari programazioa gustatzen zaio. Jolas baten antzekoa dela dio. Gaurkoan errobot bati ibilbide bat zehaztu behar izan diote sakabanatuta zeuden pieza jaso zitzan: “mapa bakoitzean zeregin desberdin bat dugu. Hasierakoak errazak ziren, baina geroz eta zailagoak dira. Baina gu ere ikasten goaz”, dio. Ikusi dituen Txac Planeteko atalak entretenigarriak iruditu zaizkio. “Oso ondo dago”.