Belaustegi plazan jardinerak jarri dituzte, futbolean jokatu ez dezaten
Gaztetxoek duela gutxi berritu zuten etxeko plakak hautsi dituzte. Kamerak ere jarri dituzte. Jardinerek eserlekuak dituzte, helburua ez baita jendea plazatik botatzea
Zuhaizti tabernako etxea bota ondoren, etxe berriak egin zituzten eta Belaustegi plaza handitu. Plazaren alde berriak arrakasta handia izan du gaztetxoen artean eta topagune bihurtu dute. Baina beraietako batzuk erabilera txarra egiten ari dira eta udalak eta bizilagunek neurriak hartu behar izan dituzte.
Infinit Fitness gimnasioko arduradunek txapa batzuk jarri dituzte leiho-ertzeetan, gaztetxoak bertan eseri ez daitezen. Izan ere, bezeroak eta bizilagunak zarataz kexatu ziren.
Udalak, berriz, jardinera handi batzuk jarri ditu futbolean jokatu ez dezaten eta kamerak ipini ditu txikiziorik egin ez dezaten. Izan ere, Labeaga 46ko bizilagunek duela gutxi konpondu zuten beraien eraikina eta gazteek fatxadako plaka asko hautsi dituzte baloiarekin.
Alkatea hiru aldiz elkartu da dagoeneko bizilagunekin. «Arazoa iazko Gabonetan sortu zen. Gaztetxoak plaza hori erabiltzen hasi ziren eta bizilagunen kexak heldu ziren. Batez ere, etxea berritu zuten bizilagunena. Atzealdeko plaka pila bat hautsi dituzte baloiarekin. Gimnasioko etxean bizi diren bizilagunen kexak ere jaso ditugu. Gaztetxoek inguru hartan ere baloiarekin jolasten zuten eta etxeetara sartu izan dira baloien bila. Gainera, gimnasioko erabiltzaileak zarataz eta zikinkeriaz kexatu ziren, aulkiren bat puskatu zuten…».
Hori guztia ikusita, udalak kamerak jartzea erabaki zuen. Dagoeneko, gaztetxo batzuen familiei isunak helarazi dizkie. Horretaz gain, hautsitako plakak kendu eta berriak jarriko ditu. Bukatzeko, hiru jardinera handi jarri ditu. «Jardinera horien helburua tokia okupatzea da, gaztetxoek futbolean jokatzeko aukerarik eduki ez dezaten. Jardinerek bankuak dituzte. Gure helburua ez da inor plazatik botatzea. Plaza jendearentzat egin zen, baina erabilera egokia eman behar zaio. Futbolean jokatzea debekatua dagoela dioten kartelak daude, baina dirudienez zenbaitzuk ez zituzten ikusten».